Kontxako sailkapen proban ariko dira bihar Iker Mariezkurrena eta Ainara Palenzuela arraunlariak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko abu. 28a, 15:47
Iker Marizkurrena bihar Kontxako sailkapen proban ariko da.

Bihar hasiko da Kontxako bandera eskurako sailkapen fasea. Gizonezkoetan 23 traineru ariko dira zazpi postuetako bat lortzeko lehian; emakumezkoetan, berriz, 20 izanen dira. Horien artean ariko dira, Hondarribiko taldean, eskualdeko bi lagun: Iker Mariezkurrena eta Ainara Palenzuela.

Mariezkurrenak Xorroxin irratiari kontatu dionez, badira urte batzuk hasi zela: «2011n hasi nintzen, 2012an utzi nuen eta 2014an hasi nintzen berriz. Urte batzuk badira bai». Kontatu duenez, «azaroan hasita, 10 hilabete inguruz» entrenatzen dute, «astean hiru egun egiten ditugu azaroan, abenduan lauzpabortz eta enerotik aitzinera astean sei egunez hasten gara, ia-ia egunero».

Aurtengoa Kontxan aritzen den borzgarren aldia izanen du: «2014an jokatu nuen lehendabizikoz eta 2015ean izan ezik gainerakoetan jokatu dut». Jokatu eta ez edonola, garaipena zer den ezagutzeko aukera ere izan baitu: «joan den urtean ailegatu zen garaipena, segundu eta erdiko aldea atera genien». Berezia da Kontxa berarendako, baita arraunlari guztiendako, «giro berezia» izaten delako. Aurtengoa «estu» ikusten du: «inoiz baino maila hobea dago eta aunitz ikusten ditut garaipena lortzeko aukerarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun