Eskualdeko hiru artzainek parte hartuko dute Nafarroako Artzain Zakur Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 23a, 08:30

Antonio Alustiza iaz, Jai eta Aske zakurrekin.

Joxe Mari Ixtilart amaiurtarrak, Antonio Alustiza aresoarrak eta Oronoz-Mugairiko Jorge Oteizak parte hartuko dute igandean Uharte Arakilen jokatuko den txapelketan

19. txapelaren bila joanen den Alustiza aresoarrak bi zakurrekin parte hartuko du eta amaiurtarrak eta Oronoz-Mugairikoak zakur banarekin. 17:00etan hasiko da txapelketa eta Oñatiko nazioarteko txapelketara eta Euskal Herriko Artzain Zakur Txapelketara sailkatzeko baliagarria izanen da.

Igande honetan, abuztuak 25, 52. aldiz Artzain Eguna ospatuko dute Uharte Arakilen, eta horren harira, egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, bertzeak bertze, gazta eta latxa arrazako aziendaren lehiaketak eginen dituzte eta azoka ere izanen da. Artzain zakurren erakusketa ere eginen dute eta eguerdian herri-bazkaria. 17:00etan hasiko da Nafarroako Artzain Zakur Txapelketa. Sei artzainek parte hartuko dute eta horietatik hiru eskualdekoak izanen dira: dagoeneko 18. aldiz Nafarroako txapela jantzi duen Antonio Alustizak bi zakurrekin parte hartuko du: joan den urtean garaipena lortu zuen Jai zakurra eta Askerekin. Joxe Mari Ixtilart amaiurtarrak Ttipi zakurra eramanen du Uharte Arakilera eta Oronoz-Mugairiko Jorge Oteizak Arakil izenekoa. Gainerako parte-hartzaileak Otanoko Jabier Fernandez eta Txikito zakurra, Uharte Arakilgo Antonio Uharte eta Argi zakurra eta Arruazoko Aritz Ganboa eta Sua zakurra izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun