Apirilaren 28an Nafarroaren Eguna Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 24a, 19:00

Egun osorako ekitaldiak antolatu ditu Basaizea Kultur Batasunak

Basaizea Kultur Batasunak egun osorako ekitaldiak prestatu ditu eta bezperan musikaldia izanen da

Bertze urte batez hainbat euskaltzaleren topaleku bihurtuko da Baigorri apirileko azken igandean; 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen Baigorriko Basaizea Kultur Batasunak Nafarroaren eguna antolatu du apirilaren 28an.

Gaineko plazan, 08:00etan askaria eskainiko dute eta horrez gain, merkatua izanen da. 11:00etan desfilea abiatuko da hainbat partaiderekin: Tuterako, Garaztarrak eta Luzaideko dantza taldeek, ziganteek Ezpela, Uztaritzeko eta Kuxkuxtu txarangen laguntzarekin, gaiteroek, makilariek, Anhauzeko basaldunak, trikitilariek, Karmele eta Koldobikek eta bertsolariek parte hartuko dute.

Pentzean, berriz, 14:00etan bazkaria eginen dute eta Ezpela, Kuxkuxtu eta Uztaritzeko txarangak arduratuko dira mahai-ingurua girotzeaz. Herriko Etxearen aitzinean, bertzalde, 13:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara mutil gazteak ariko dira.

Plazan, azkenik, 15:00etan Izaki gardenak taldea ariko da; 17:00etan Bashainarak taldeak dantza ikusgarria eskainiko du; 18:00etan Kiki Bordatxok hartuko du lekukoa eta 20:00etan Eskean Kristo taldeak kontzertua eskainiko du. 22:00etan Diabolo Kiwi taldearen txanda izanen da eta eguna borobiltzeko 23:30ean Holako Deluxerekin dantzaldia izanen da.

Apirilaren 27an, berriz, zine kontzertu berezia izanen da, Charles Chaplin zinemagile ospetsua sortu zela 130 urte bete direla eta denbora batez Baigorrin egon zela oroituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun