Solaslagunak apirilaren 28an Baigorrira ateraldia antolatu du, 41. Nafarroaren Egunera. Eskualdeko solaslagunekin batera joanen dira Iruñerriko Mintzakideak eta Hondarribiko Mintzalagunak ere.
Egitarauari dagokionez, egunean zehar izanen diren ekintzez gozatzeko aukera izanen dute: dantzak, musika, kontzertuak... Horrez gain, urtero horretarako espresuki prestatzen duten karpan bazkalduko dute (Bazkariko txartelak egunean berean hartu eta ordaindu beharko dira).
Baigorrira joan-etorria errazteko, garraio-zerbitzua eskainiko dute, 12 euroan. Autobusak bi geldialdi eginen ditu eskualdean: Beran (kanpoko gasolindegian), 10:20an eta Elizondon (plazan) 10:50ean. Itzulera 19:30ak aldera eginen dute.
Beti bezala, Solaslagunetik gogorarazi nahi dute ekintza hauek irekiak direla. Baldintza bakarra euskaraz komunikatzea da. Beraz, jendea parte hartzera animatu dute.