Herrietan egin dituzten batzarretan oinarrituz, Xareta, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Baztango eskualdeetako emakumeek* Martxoaren 8rako elkarlanean landu duten egitaraua aurkeztu zuten, eta bertako ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera animatu zuten.
Goizean zehar herri bakoitzak bere ekitaldiak eginen ditu eta eguerdiko 12etan herri bakoitzean Emakatea izanen da. Ondotik, bazkari autogestionatuak izanen dira. Arratsaldeko 5tan eskualdeko emakumeek* Elizondoko plaza hartuko dute. Autobusak izanen dira Elizondora joateko. Arratsaldeko 7etan manifestazioa eginen dute Elizondoko karriketan barrena.
Irakurketa
Larunbatean Elizondon adierazi zutenez, «duela urte bat inguru Nafarroa iparraldeko hainbat eskualdeko emakumeok* gure ahotsa altxatu eta heteropatriarkatuari planto egin genion, goizean herri bakoitzean ekitaldiak eginez eta arratsaldean Lesakako karrikak eta plaza betez. Aurrekaririk gabeko mobilizazioa izan zen, baina historikoki bere eskubideen defentsan borrokan aritu izan diren hainbat eta hainbat emakumeen* kemenagatik izan ez balitz ez zena posible izango. Hala ere, erran genuen bezala, eguneroko borroka da eta emakume* guztiak libre izan arte ez dugu etsiko».
Aldi berean, «Euskal Herriko Mugimendu Feministaren autonomian berresten gara. Gauzak horrela, ez dugu Mugimendu Feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko. Horregatik Mugimendu Feministak zabaldutako iruditegi, mezu eta aldarrikapenak erabiltzeko gonbita luzatzen dugu, bertze sindikatu, alderdi edota antolakundeen kolore eta siglek protagonismoa bereganatu ez dezaten. Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta karrikak hartuko ditugu berriro ere. Greba feministarekin, hetero-patriarkatu-kapitalistari planto eginen diogu! Bizitzaren eremu guztietan eginen dugu greba, ordaindutako lanetatik doan egiten ditugun lanetaraino; greba sexualitatean, gure kontsumo ereduan, familia eraikitzeko ereduan, jakintzak eraikitzeko ereduan; arrazakeriaren aitzinean, edertasun ereduaren aitzinean eta zapalkuntza guztien aitzinean. Patriarkatuak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako».
Horregatik, bortz ardatzetan antolatu dute greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izanen da. «Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu –diote idatzian–. Horretarako, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoon eskubideen bizkar geratu. Finean, paktu sozial berri bat eskatzen dugu. Bide horretan, parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena ezinbertzean lotu behar ditugu sakoneko eraldaketa prozesu batekin».
Lehengo urtean bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egonen dira emakumeentzat*:
1) Lantoki eta ikasgeletan greba egitea.
2) Gure herri, auzo edota hirietako mobilizazioetan parte hartzea.
3) Zaintzeari uztea.
4) Amantala balkoian zintzilikatzea.
5) Gure eskualde edo arloan greba zabaltzea.
6) Besoko morea eta txapa jartzea, grebarekin bat egiten dugula adierazteko.
Martxoaren 8an ez kontsumitzera ere deitzen dute. «Hiriak, herriak eta auzoak geldiarazi nahi ditugu, eta argi utzi emakumeak* gelditzen bagara, mundua gelditzen dela. Beraz, kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa eta praktika arduratsua izatera deitzen dugu, lan eremuan esplotatzen gaituzten eta publizitatearen bidez kosifikatzen gaituzten enpresetatik kanpo bertze ekoizpen eredu batzuk posible direla ikusaraziz».