Xehetasunak lantzen ari baldin badira ere, bigarren Euskaraldiak bi ardatz izanen dituela aurreratu dute sustatzaileek: batetik, lehen edizioan protagonista izan diren ahobizi eta belarriprest rolen bitartez Euskal Herri osoko herritarrei beraien harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia eginen zaie; bertzetik, bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateei beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko du Euskaraldiak. Erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak izanen dira bigarren ardatz honetan konpromiso zehatzak hartu eta gauzatuko dituzten entitateak.
Herritarrei eta entitateei deia
Hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzea epe luzeko lana dela jakitun, berriro ere ahobizi edo belarriprest modura jokatzeko gonbite bateratua eginen zaie herritarrei. Jakina denez, Euskaraldiaren lehen edizioa ariketa masiboa izan da eta bigarrenean herritarrei euskararentzako harreman eta eremu berriak irabazten segitzeko deia eginen zaie.
Horretarako, ahobizi eta belarriprest rolek izango dute berriro protagonismoa eta ikurren bidez identifikatzea izanen da ariketaren elementu garrantzitsuetako bat. Erabilitako ikurrek (txapak izan ziren ariketaren ikur nagusia) segida izanen dute.
Erakundeek, berriz, funtzio aktiboagoa izanen dute Euskaraldiaren bigarren edizioan. Aurrekoan 200 entitatetik gora izan ziren ekimenaren sustatzaile (milaka, herrietako elkarte, erakunde eta eragileak kontuan hartuta). 2020an, aldiz, urrats bat aitzinera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria eginen zaie parte hartzen duten entitateei. Urrats hauek eskatuko duten aurre-lana aintzat hartuta, 2019 urtean bertan hasiko dira entitateak neurriak hartzen eta herrietako batzordeak lanean.
Lehen edizioaren emaitza
Azaroaren 23a eta abenduaren 3a artean egindako ariketaren emaitzak jasotzen ari dira asteotan, herriz herri eta hainbat entitatetan antolatuta egon diren batzordeen balorazioak jasoz. Horrekin batera, Euskaraldiko parte hartzaileen datuen azterketa egin du Gaindegia behategiak Euskaraldiaren antolatzaileen enkarguz. Izena eman duten 220.000tik gora belarriprest eta ahobizien azterketa egin da, herri, eskualde eta lurraldekako datuak hainbat aldagairekin erkatuz. Emaitzak ekimenaren webgunean aurkitu daitezke https://euskaraldia.eus/parte-hartzea/ web orrialdean.
Azkenik, Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerketa ere martxan da (martxoan jasoko dute partaideek azken galdetegia) eta udan ezagutu ahal izanen dira Euskaraldiaren lehen edizioak izan duen eraginaren emaitzak.