Urtasun eta Ezkurra II.a izanen dira Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketaren finalerdietan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urt. 3a, 09:39

Urtasun eta Uterga aurrez aurre. Iruritako finalerdietan sartu da baina Doneztebekoa ez.

Iazko finalisten, Barrenetxea IV.aren eta Urrizaren kontra ariko dira urtarrilaren 4an Labriten

Gorka Urtasun iruritarra Barrenetxa IV.aren kontra eta Josetxo Ezkurra II.a Urrizaren kontra. Horiexek izanen dira urtarrilaren 4an, ortziralean 18:00etan Labriten hasiko den jaialdian jokatuko diren Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketako finalerdiak. Irabazleek urtarrilaren 12an jokatuko dute finala Bartzelonan.

Txapelketa abiatzeko, hiruko kanporaketa jokatu zuten igandean Iruritan Urtasunek, Ezkurra II.ak eta Utergak. Iruritakoa profeta izan zen bere herrian eta bi partidak irabazi zituen, 20-13 Utergari eta 20-17 Ezkurra II.ari. Bi doneztebarren arteko lehian gazteena nagusitu zitzaion bezperan binakako txapelketa irabazia zuen Utergari (20-10). Hortaz, Urtasun izan zen lehena eta joan den urteko azpitxapeldunaren kontra, Barrenetxea IV.aren kontra ariko da ortziraleko finalaurrekoan. Ezkurra II.a, berriz, iazko txapeldunaren kontra, Urrizaren kontra.

Aipatzekoa da Gorka Urtasunek lau urtez segidan irabazi zuela txapelketa hau, 2010etik 2013ra, eta Iruritan ikusitakoaren arabera, badirudi indarrez bueltatu dela.

Finalerdiak hasi baino lehen, Nazioarteko Erremonte zirkuituko sariak banatuko dituzte eta zirkuitu hori hartu duten hirietako haurren minbizien kontrako elkarteei ere bere sariak emanen zaizkie, mila euro bakoitzari. Ortziraleko finalerdietako sarrera ere, 5 euro, ADANO elkartearen alde izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun