Abantailak dituen sare soziala
Indarra hartzen ari den sare soziala da Mastodon, eta dagoeneko 2 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Sare sozial ezagunenekin alderatuta abantaila nabarmenak ditu erabiltzaileentzat; are gehiago hizkuntza komunitate txikientzat. Mastodon software librea denez, sare deszentralizatua da; horregatik, datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera-arauak eta hizkuntza komunitatea bakoitzaren esku daude. Datuak ustiatzen ez direnez, ez dago publizitaterik.
Erabiltzaile bakoitzak izena zein instantziatan eman aukeratu dezake, eta mastodon.eus horietako bat da; bi berezitasun ditu horrek: euskarazko instantzia da eta Interneteko euskal komunitateak sortu du komunitatearentzat.
Sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook...) enpresa horien erabakien araberakoa da hizkuntza eta atzerapausoak nabarmenak dira: Twitterren interfaze berritik euskara kendu dute eta Googlek iragarkiak euskaraz jartzea debekatu du. Izan ere, zerbitzu hauetan instantzia bakarra egoten da.
Elkarren artean konektatutako milaka instantzia daude Mastodonen. Batzuk erabilera orokorrekoak dira, beste batzuk, ordea, hizkuntz komunitate baten inguruan sortuak. Badira gai edo afizio jakin baten inguruan sortutakoak ere.
Mastodon.eus euskaldunak batu eta munduarekin harremanetan jarri nahi dituen sare sozial librea da. Bertan barneratu gura izanez gero sartu hemen.
Euskal komunitateko hainbat kideren iritziak
Josu Waliño (PutuEUS Fundazioa):
«PuntuEUS Fundazioaren sorrera eta oinarrian erabiltzaileen komunitatea dago, .EUS domeinua errealitatea izan dadin bultza egin duen komunitatea. Mastodon.eus berdin ulertzen dugu: euskaldunok sarean euskaraz libre egiten ahalbidetuko digun komunitate berria da. Mastodon.eus-en jaiotza ere komunitate ikuspegiarekin landu dugu hasieratik: euskara eta ingurune digitalaren alorrean aritzen garen hainbat eragileren lankidetza sustatuz, elkarren artean bakoitzaren baliabide eta jakintza batuz proiektua errealitate bihur dadin. Orain Mastodon.eus euskal erabiltzaileen komunitatearen esku gelditzen da, eta komunitate honek erabakiko du zer izango den eta nola osatuko den aurrerantzean».
Gorka Julio (Talaios Kooperatiba):
«Manifestu komunistaren euskarazko tabernako itzulpen batek zioen moduan, Mamut bat dabil Europan. Sare sozial globalen parean, software libreko tresna honek aukera berriak ireki dizkigu. Badakigu, komunitate bakoitzaren beharrei begira sortutako eztabaida eta elkarrekintza tresnak ezinbestekoak direla. Gure komunitateak, gure herriak, gure hizkuntzak, munduari begiratzeko ikuspuntu propioa izateko espazioak sortu behar ditu eta honek bide horretan bat gehiago da. Ez dago bakarrik, gertu (jalgi.eus) eta urrunago (mastodon.social) antzeko komunitateen bidez eztabaidan ari direnekin elkarrekintzan aritzeko aukera ere ematen du federazioari esker.
Berdinen arteko sareak sortzeaz gain, komunitateen arteko elkar errekonozimenduan jarduteko aukera ematen du honela. Burujabetza teknologikoa, hitz potoloa izan daiteke, baina autonomia pertsonal eta komunitarioa ere dei geniezaioke. Nahi duguna, nahi dugun eran sortu, eraldatu eta elkarbanatzeko tresna bat ere bada hau, mundua autonomiatik saretzeko aukera ematen duena; autonomia ez baita isolamendua, autonomia denok besteen beharra dugula jakinik, ahalik eta askatasun maila handienak eskuratzea delako. Horregatik sortu dugu Mastodon.eus irauteko helburu garbiarekin. Urte askotarako!»
Eli Pombo (Iametza):
«Hau guztia nola hasi zen kontatuko dut labur-labur, Iametzan bizi izan genuenean oinarrituta:
Aurtengo urte hasieran gure lan-taldeko kide den Asier Iturraldek eman zigun sare sozial federatu honen berri. Asier da Argia.eus-eko lanetaz arduratzen dena eta Argiarekin hitz egin ondoren Mastodon Social instantzian Argiaren kontua zabaldu zuten baita ere. Asierrek Iametzarena ere zabaldu zuen, noski.
Hortik abiatuta gure artean komentatzen hasi ginen interesgarria izango zela euskal instantzia bat sortzea, baina era berean garbi geneukan hori enpresa batek edo eragile bakar batek ezin zuela sortu. Nora jo pentsatzen jarrita, bururatu zitzaigun PuntuEUS Fundazioarekin hitz egitea. Apirilaren 4an idatzi nion Josu Waliñori gure gogoetaren berri emanez eta Mastodon aurkeztuz. Hortik abiatuta, Josuk beste hainbat erakunderekin eta eragilerekin hitz egin zuen. Izan ere, guk izan genituen harreman hauekin batera, Azkue Fundazioa ere ari zen epe berdinean gai honi buruz hitz egiten Osoitz Elkorobarrutia ekintzailearekin eta hala guztiok harremanetan jarrita, mastodon.eus izango zenari forma emateko bilerak egiten hasi ginen.
Iametzarentzat ohore handia da eta ilusio handia egiten digu honelako proiektu baten sorreran parte hartu izanak. Gainera une honek bat egiten du burujabetza teknologikoaren inguruan egiten ari garen barne hausnarketarekin. Garrantzitsua iruditzen zaigu, herri bezala ahalduntzeko konpainia handien menpekotasun teknologikoaren aldean alternatibak eraikitzea eta bide hori modu kolektiboan egitea».
Asier Iturralde (Iametza):
«Mastodon mikroblogintza sare sozial bat da baina ez da ohikoa. Mastodon ikuspuntu humanoago batetik sortu da, beste sareen akatsetatik ikasiz. Mastodonen pertsona bat zara, ez produktu bat. Ez dago ordaindutako iragarkirik eta zure datuekin ez da meatzaritzarik egiten. Sare sozial zabalduenak zentralizatuak eta jabedunak dira: Facebook, Instagram, Twitter... Mastodon aldiz deszentralizatua eta librea da. Ez dago zentralizatutako Mastodon bakarra, elkarren artean federatutako, hau da, konektatutako, milaka Mastodon instantzia edo komunitate baizik. Horietako bat da euskal komunitatearentzat sortu dugun mastodon.eus».