Intsinis pinuen %90etik goiti gaitzak jota dago

Gurutze Pikabea 2018ko urr. 20a, 09:50

Gaixo dago intsinis edo radiata pinua. Lehendik ere hala-hola zegoen, duela hamar-hamabortz urte agertu zen fusarium onddoaren ondorioz, eta orain, banda gorria eta marroia onddoekin are gehiago hondatu da; zenbait kasutan, espezieko pinuak hiltzen ari dira

 

Kolore marroixka hartu dute gure mendiek. Ez, ordea, garaia ailegatu delako; aurten, udazkena ailegatu aitzinetik hartua baitzuten kolore hori eta gainera, berez gorritu ohi ez diren pinuek. Gaitzak jota daudelako gertatu da eta banda marroia eta gorria izeneko onddoak dira horren erantzuleak. Ez dira agertu berriak; diotenez, onddo horiek 1944az geroztik ezagunak dira Euskal Herriko oihanetan. Baina aurten sortu duten kaltea larria da.  

Urteetan diru-iturri izan diren intsinis edo radiata pinuak izan dira kaltetuenak. Aldiz, bertze pinu espezie batzuk ez ditu neurri berean astindu.  «Larizio pinuari hagitzez ere guttiago eragiten dio, eta kalteak murritzak dira. Alertze eta douglas izeiak sano daude». Halaxe adierazi dute Iñigo Villanueva eta Mikel Diez Nafarroako Gobernuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Ataleko teknikariek.

Nafarroan radiata pinuaren azalera 2.500-3.000 hektareakoa da. Eskualdean gehien hedatutako pinua da baina urteetan hain errentagarriak izan diren zuhaitz horiek aspalditik daude hala-hola. Villanuevaren eta Diezen hitzetan, «radiata pinuak lehendik ere gaitzak jota zeuden, kili-kolo, fusarium onddoaren ondorioz». Eta aurten, banda gorria eta marroia onddoekin are okerrago gelditu dira. Bi teknikarien irudiko, «aurtengo kasua bereziki larria da».

Eguraldia izan da hedapen horren arrazoi nagusia: «onddoek giro epel eta hezeak maite dituzte eta euri eta haizearekin, esporen bidez, naturalki hedatzen dira gure basoetan eta mendietan. Aurtengo negu heze eta udaberri-uda epelaren ondorioz, bi banda onddoek kalteak areagotu egin dituzte».

Lehen enborra, orain hostoak
Fusariumak enborra kaltetzen du, «kasu larrienetan erretxina jarioak sortuz eta izerdiaren mugimendua kaltetuz». Bertze bi onddoek, ordea, hostoak ihartzen dituzte eta horrek «fotosintesia, hau da, pinuaren elikadura saihesten du». Hala, ondorioa izan daitekeen makurrena izaten ahal da: «onddo horiek pinudiak hil ditzakete eta kasu batzuetan hiltzen ari dira».

Fusariuma duela hamar-hamabortz urte inguru agertu zen eskualdeko mendietan, eta Villanuevak eta Diezek argitu dutenez, «hasieran, batez ere, Goizueta, Arano, Areso eta Leitzako inguruak kaltetu zituen. Hortik Bidasoa ingurura zabaldu zen». Goizuetan orduan hartu zuten kolpea, hainbertze urtetan Udalaren motore ekonomiko nagusia izan zen diru-iturria galdu baitzuten. Fusariumak intsinis pinudiak hil zituen eta ordutik aitzinera, gaixotutako lursailak bota eta bertze espezieak landatzeari ekin zioten, bai Udalak baita jabe partikularrek ere. Gaur egun ia ez da intsinis pinurik gelditzen Goizuetan eta horregatik, banda gorriak eta marroiak utzi duten kaltea ez da hain agerikoa izan.

Bertzelakoa izan da inguruko bertze herri batzuetan gertatu dena. Villanuevak eta Diezek kontatu dutenez, banda gorri eta marroiek ez omen zuten «inoiz» horrelako kalte «nabarmenik» sortu: «kaltea eragin eta hurrengo urtean pinuak berriz ere sano agertzen ziren. Baina oraingo kasuan, aitzineko urteko udazken hondarretik onddo horien ondorioak aunitz areagotu dira». 

Eskualde osoa kaltetua
Leitzaldetik Baztanera, Malerrekatik Bortzirietara, Bertizaranatik Xaretara. Denean gorritu dira radiata pinuak. Hala ere, teknikarien arabera, «hasieran Leitzaran-Araitz eta Bortziriak aldea izan ziren eragin haundiena izan zutenak». Aurtengo udaberri-udan, ordea, Malerreka eta Baztan ingurura zabaldu da. «Nafarroa osoarekin aldaratuz, eragindako azalera hagitz ttikia da, baina gure eskualdean eragina haundia da».

Oraingoz erremediorik ez
Kaltea egina dago eta gaitzak jota dauden intsinis pinudiak sendatzea «zaila» omen da. Villanuevak eta Diezek azaldu dutenez, «orain arte egindako saiakerek eta esperientziek ez dute emaitza onik eman, batzuetan teknikoki eta bertzeetan ekonomikoki bideragarriak ez zirelako». Nafarroako Gobernua Innobandas izeneko proiektu batean sartua dagoela ere kontatu dute, «banden aurkako hainbat tratamenduren eraginkortasuna aztertzeko», baina oraindik horretan ari omen dira eta «ez dago emaitzarik».

Pinudiaren egoeraren arabera, bota ala entresaka egin
Soluziorik ezean, jabe aunitzek kaltetutako pinudiak botatzea erabaki dute eta horietan bertze zerbait landatzea. «Landaketa hiltzen ari denean, onena moztea da, egurrak eta zurak bere balioa galdu baino lehen». Horixe da Villanuevak eta Diezek aholkatzen dutena. Hala ere, «irtenbideak masa bakoitzaren egoeraren araberakoa» izan behar duela nabarmendu dute: «hagitz kaltetuetan, aukerarik hoberena matarrasa izan daiteke, errekuperatzeko aukera gutti dutelako eta egurrak eta zura bere balioa galdu baino lehen. Gaixotasunak guttiago jota daudenetan, berriz, entresaka egin daiteke, landaketa ireki, aire gehiago ibili eta gisa honetara, onddoen kalterako giroa lehortzeko».

Neurrien bila
Gaitzari aurre egiteko neurrien bila ari dira. Alde batetik, «radiataren alternatiba gisa bertze espezie batzuk ikertzen ari gara». Horrez gain, oihaneko lanetarako diru-laguntzetan, «onddo horiek jotako eremuetako landaketak lehenesten dira». Nafarroako Gobernuak «bere diruarekin», urtero zenbait herritako komunaletan landaketak egiten omen ditu. «Gaztainondoarekin ere lanean ari gara, aspalditik dituen gaitzak jasaten dituzten barietateen bila». Nafarroan basoaren ia bi heren komunalak direla kontuan hartuz, «hainbat herrirekin egoera aztertzeko bilerak» egin dituztela ere gaineratu digute Villanuevak eta Diezek, «eta etorkizunean ere eginen dira».

Ordezko landaketak
Intsinisaren ordez, bertze espeziei begira ari dira jabeak. Horren harira, «helburuen arabera» hainbat aukera daudela diote Villanuevak eta Diezek. «Produktibotasunak pisu haundia duenean, japoniar zedroa, alertzea, taeda pinua, itsas pinua, douglas izeia, sekuoia, arkazia, zedro atlantiarra edo tsuga bezalako espezieak» landa daitezkeela adierazi dute: «kalitate oneko zura dute, baina intsinisarekin alderatuz, denbora gehiago behar dute hazteko. Espezieen arabera, 45-75 urte behar dituzte normalean».

Halere, alternatiba horiek ez direla intsinis bezala egokitzen ohartarazi dute: «intsinis pinua gisa aunitzetako lur, kokapen eta baldintzetara egokitzen zen espeziea zen. Aipatutako bertze alternatiba horiek, ordea, ez dute lur eta kokapen guztietarako balio, lekuko baldintzen araberako espeziea aukeratu behar da».

Bertzalde, alde produktiboa lehentasuna ez denean, «haritzak, gereziondoak, urkiak eta abar» sartzea proposatzen dute: «pagoa landatzea ez da batere ohikoa, baina berez, hagitz ongi datorren espeziea da».

Egoera «zaila» eta jabeak kezkatuak
Egoera ez da ona. Kontrakoa, «zaila» diote teknikariek, eta pinudien jabeak kezkatuak sumatzen dituzte: «hainbat urtez erabili izan den eta alderdi honetara diru dezente ekarri duen espeziea gainbeheran ikustean kezka sentitzea normala da».

Ez diote etorkizun onik ikusten intsinisari, eta diotenez, «ondoko bortz urteetan intsinis azalera hagitz ttikia izanen da gure eskualdean». Edozein moduz, «mendiari segida» ematearen garrantzia nabarmendu dute Villanuevak eta Diezek: «hurrengo urteetan, aldaketa sakona izanen dugu sektorean eta paisaian, baina mendiaren aldeko apustua egin behar da». Horregatik egin du intsinisa zegoen tokian bertze espezieen landaketak egiteko deia, «helburu eta tokiaren arabera espezie egokia aukeratuz». Izan ere, argi utzi nahi izan dute: «landaketak matarrasean bota eta landatu gabe utziz gero, larra, otea eta ainarra gailenduko dira eta sute arriskua ere haundituko da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun