«Basoak kudeatzen ez baditugu arazo larriak izanen ditugu»

Gurutze Pikabea 2018ko urr. 20a, 11:50
Luis Olza, Foresna-Zurgaia baso elkarteko kidea

LUIS OLZA Foresna-Zurgaia baso elkarteko kidea

55 udalek, 20 udalbatzarrek, bortz haran-batzarrek, 300 jabe partikularrek eta hiru elkartek osatzen dute Foresna-Zurgaia elkartea. Horiek ordezkatu eta defendatzeaz gain, azterketak egin eta aholkuak ematea izaten da Foresna-Zurgaiako teknikarien lana. Sakanatik Baztanera bitarteko udalerrietan ibiltzen da Luis Olza eta berari ere intsinis pinuen gaixotasuna hurbiletik ezagutzea tokatu zaio.

 

Gaitza aunitz zabaldu da?  
Zoritxarrez bai. Alde batetik, duela 10-15 urtetik fusariuma radiata pinuan kalteak sortzen ari da, eta bestetik, aurten beste onddo batzuek guztiz kaltetu dute. Bazkide askok deitzen digute gomendio eske.

Zer egiten duzue gaixotutako pinuekin?  
Hain indartsu eta bat-batean jotzen duten gaixotasunen aurrean ezer gutxi egin daiteke denbora laburrean. Kalteak baloratu behar dira eta horren arabera zer egin erabaki: moztu, entresaka egin, itxaron, zer landatu pentsatu, diru-laguntzak lortu...

Zer landatzen duzue?  
Landaketak jabe bakoitzaren interesen arabera egiten ditugu. Zerbait produktiboa eta koniferak nahi baditugu, kriptomeria japoniarra, alertzea, taeda... landatzen ditugu eta jabeak hostozabala nahi badu haritzak, urkia... Garrantzitsuena non landatu behar den ikustea da, eta horren arabera, zer landatu erabaki.

Intsinisak bezain errentagarriak izanen dira?  
Errentagarritasun ekonomikoa hemendik urte askotara neurtu ahalko den parametroa da. Hortaz, oraintxe, gutxi jakin dezakegu. Dena den, argi dago zerbait landatu eta dirua sartzen den momentutik errentagarritasuna bilatzen dela.

Eukaliptoak aldekoak eta kontrakoak ditu...  
Gai polemikoa da. Hainbat eukalipto mota daude, eta oraingoz, errentagarria dena ez dator bat Nafarroako klimarekin.  Landaketa zabalak egiten hasiko balira, ondo eta irizpide teknikoei jarraituta planteatu beharreko gaia izango litzateke. Nire ustez, egungo baldintzekin, Nafarroan ez da eukaliptoa modu zabalean landatuko eta hortaz, ez dago esateko askorik.

Nola dago merkatua?  
Inflexio puntu batean dago. Gipuzkoan eta Bizkaian gaixotu diren basoak nola kudeatuko diren jakin arte ezin da argi jakin zer gertatuko den. Mozteko eskaintza asko igoko da eta hortaz, logikak dio prezioek behera egingo dutela. Dena den, niretzat larriena epe ertainera etorriko da: orain asko mozten bada eta landatzen ari diren alternatibak urte askotako hazkundea baldin badute, zer egingo dugu hamar urteren buruan?

Sektorea gainbeheran doa?  
Duela urte dezente gainbehera haundia eduki zuen, baina geroztik, mantendu egin da eta momentu jakin batzuetan prezioek gora egin dute. Hori bai, sektoreak arazo larriak ditu; langile falta, jabeen interes falta, ondorengo belaunaldien kudeaketa falta...

Diru-laguntzak eskasak ala nahikoak dira?  
Dudarik gabe, eskasak dira. Eta hori ez da nire iritzia bakarrik. Joan den urtean aurkeztu ziren eskaera asko kanpoan gelditu ziren.

Zer diozu administrazioaren jarreraren inguruan?  
Administrazioa oso motela da, eta hain azkar doan gaixotasun baten aurka gutxi egiten du eta gutxi egin dezake. Dena den, baso-jabeei laguntzerakoan hutsuneak daude; adibidez, diru-laguntza kanpainetan eskatutako guztia ez dute ematen.

Nola ikusten duzu etorkizuna?  
Grisa ikusten dut, baina positiboki ere bai. Epe ertainera arazo larriak izanen dira, baina argi dut basoak kudeatu behar direla, alde batera uztea ez baita inondik inora soluzioa. Basoak kudeatu eta ingurugiroa zaintzen ez badugu, arazo larriak edukiko ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun