Euskaraldian izena emateko epea zabalik

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 21a, 08:54

Euskaraldia. 11 egun euskaraz ariketa sozialean parte hartzeko www.euskaraldia.eus webgunean edo herriz herri paratuko dituzten postuetan eman daiteke izena. Ahobizi eta Belarriprest roletako bat hartuz, ahal den guztietan euskaraz egitea izanen da azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen den Euskal Herri mailako dinamika honen helburua.

 

Ahobizi eta Belarriprest

16 urtetik goitiko herritarrek eman dezakete izena, Ahobizi edo Belarriprest roletako bat hartuz. Ahobizi izateko, euskaraz solastatzen jakin behar da, eta Ahobiziek euskaraz eginen diete ulertzen duten guztiei. Ezezagunekin ere lehenbiziko solasa euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta ulertzen baldin badute, hortik aitzinerakoak ere bai.

Belarriprest izateko, berriz, euskaraz ulertu behar da. Euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea eginen diete Belarriprestek, euskara ulertzen dutela adieraziko dute eta euskaraz hitz egiteko eskatu. Berak, ordea, euskaraz edo erdaraz erantzuteko aukera izanen du.

Bi kasuetan, ez du euskaraz solastatzeko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun