Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute Baztanen

Fernando Anbustegi 2018ko ira. 18a, 11:14
Baztanen Euskaraldiaren hamaikoa osatuko dutenak. Argazkia: Baztango AEK

Irailaren 20tik aitzinet parte hartzeko izena ematen ahal izanen da 

Joan den astean egin dute Baztanen Euskaraldiaren aurkezpen publikoa. Aniztasuna islatzen duten 11 ordezkari dira Baztango hamaikakoa osatzen dutenak: Belarriprestak: Sink Barrientos erratzuarra, Idoia Nuñez elizondarra, Mertxe San Vicente elbetearra, Sonia Lopez elizondarra. Ahobiziak: Ruth Peña oronoztarra; Julen Mitxeltorena elizondarra, Asier Lizartza arizkundarra, Emilia Azkarate aniztarra, Loinaz Azurmendi elizondarra, Alvaro Garde arraioztarra eta Ana Iriarte arizkundarra. 

 

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko da Euskal Herri osoan. Azken hilabete hauetan han eta hemen dinamizazio lanak areagotzen ari dira. Euskararen lurraldean, euskararen erabileran eta jendearen kontzientziazioan eragin nahi du ekimen honek, etorkizunera begira mugarri izanen diren hamaika egun horietan. Ahobizi eta Belarriprest rolen bidez, jendearen konpromisoa bilatzen du ekimen zabal honek. Bide horretan, euskararekiko konpromisoa hartu nahi duenak bi modu izanen ditu, Ahobizi edo Belarriprest izateko hautua eginez. Ahobizia ulertzen duenari euskaraz eginen dion pertsona izanen da, hark gaztelaniaz erantzunda ere. Ezezagunei ere lehen hitza, guttienez, euskaraz eginen die. Belarripresta euskara ulertzen duen pertsona izanen da. Pertsona hauek haiei euskaraz egitea nahi dute, nahiz eta gaztelaniaz erantzun dezaketen.

  

Izen-ematea

Irailaren 20tik aitzinet, Euskal Herri osoan, baita Baztanen ere, Euskaraldian parte hartzeko izena eman ahal izanen da. Izena eman ondotik, bertzelako ekimenak burutuko dira, orain arte bezala, harik eta azaroaren 23ra ailegatu arte. Orduan hasiko da Euskaraldia, abenduaren 3a arte, hamaika egun horietan, Ahobizi eta Belarriprestek txapa batzuk eramanen dituzte soinean, kalean, jendeak identifika ditzan eta bakoitzak bere rola betetzea errazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun