Lehenik, gizasemeen binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finala jokatu zuten Atutxa Atutxa II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente eta Ruben Saralegi eta Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.a bikoteek. Proba osoan aitzinetik joan ziren Otsagiko Iker Vicente eta Leitzako Ruben Saralegi lehengusuak, eta hain zuzen ere, horiexek jantzi zuten binakako txapelketako txapela. Lehia erdi aldera arte berdinduta joan zen; une batzuetan nafarrei aurre hartzeko puntuan izan ziren Atutxa II.a eta Txikia IV.a, baina azken txanpan erraz aritu ziren Vicente eta Saralegi, minutu pasatxoko aldea ateraz bigarren sailkatuei. Azkenean, 24 minutu eta 45 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko. Horrenbertzez, bigarren postuan bukatu zituzteb Atutxa II.ak eta Txikia IV.ak egin beharreko lanak (25 minutu eta 53 segundo). Hirugarren, berriz, Otaegik eta Mugertza II.ak egin zuten (26 minutu eta 15 segundio).
Segundo baten 20 ehunenekoengatik nagusitu zitzaion Maika Ariztegi Nerea Sorondori
Ondotik hasi zen emakumeen banakako lehia. Elgorriagako Irune Izkuek, Iturengo Maika Ariztegik, Berako Nerea Sorondok eta Zeanuriko Irati Astondoak neurtu zituzten indarrak, eta Ariztegi nagusitu zen. Lehia estua izan zuten Ariztegik eta Sorondok, bateratsu bukatu zituzten lanak, eta epaileek foto-finisha behar izan zuten txapela erabakitzeko. Segundo baten 20 ehuneneko aldea bakarrik izan zen iturendarraren eta beratarraren artean. Ariztegik 8 minutu, 15 segundo eta 8 ehuneneko behar izan zituen eta Sorondok 8 minutu, 15 segundo eta 28 ehuneneko. Hirugarren Astondoak egin zuen (9 minutu eta 37 segundo), eta laugarren joan den urtean txapeldun izan zen Izkuek (11 minutu eta 14 segundo).
Urrezko Aizkorako txapelketekin batera jokatu zuten harri-jasotze txapelketaren finala ere. Hiru harri-jasotzaile aritu dira txapelaren bila: Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Xabier Aranburu Guzta . 175 kiloko errektangularrarekin eta 150eko kubikoarekin egin zituzten finaleko lanak, eta Guzta nagusitu zen, denera 2.450 kilo bizkarreratuta. Bigarren Kortaberri izan zen (2.435 kilo), eta Galarraga hirugarren (2.150 kilo).