Baztango mendigoizaleek eta Errekak Auzan eta Mendaurren akituko dute urtea

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko abe. 29a, 08:02

Erreka elkarteko mendizaleek iazko urtezahar egunean Mendaurren ateratako argazki dotorea.

Baztandarrak abenduaren 30ean igoko dira eta Malerrekakoak abenduaren 31n 

Urte bukaera mendian goiti bukatzeko ohitura ere gero eta zabalduago dago. Doneztebeko Erreka mendi taldeak Mendaurrera eginen du urteko hondar igoera Urtezahar egunean eta Baztango Mendigoizaleak, bezperan, Auzara iganen dira.

 

Erreka bueltan-bueltan mendira

Badira urte batzuk Erreka Kirol Elkarteak antolatuta, doneztebar eta ingurukoak Urtezahar egun goizean Mendaur mendira goratzen direla. Aurten ere, ez dute hutsik eginen. 07:30ean elkartuko dira autobus geltokian eta 10:30ean aterako dute urteroko argazkia. Urtez urte, mendizale kopuruak goiti egin du, eta egun ehun lagun baino gehiago biltzen dira Mendaurreko mendi tontorrean.

 

Baztandarrak abenduaren 30an

Baztanen ere, joan den urtean Auzarako igoera antolatu zuten Baztango mendigoizaleek. Aurten, ordea, irteera aben­duaren 30ean, larunbatean, eginen dute. 08:00etan abiatuko dira Elizondoko plazatik. Erratzutik atera eta Mendigain, Soalar, Burga, Basabar eta Istauzen barna, Auzara goitituko dira eta bueltan-bueltan ibilbidearen abiapuntura, Erratzura, ailegatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun