Kultur 2017 programazioak hainbat ekitaldi ekarriko ditu eskualdera ere

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 16a, 13:23

Bizkaiko Kherau boskoteak eskainiko du Kultur 2017 programazioko lehen emanaldia San Juan egunez Beran.

Hasteko, Kherau taldeak musika emanaldia eskainiko du ekainaren 24an Beran 

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuak antolatutako Kultur 2017 programaren baitan ekainaren 23tik irailaren 9ra musika, dantza eta arteko 40 emanaldi prestatu dituzte. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan eginen dira Nafarroako 38 udalerri eta pasaia- edo ondare-mailako toki interesgarritan. Eskualdean, Bera, Bertiz, Donamaria, Elizondo, Lesaka, Zugarramurdi eta Bertiz ukituko ditu.

Programa herriko musikaren, dantzaren eta arte plastikoen ingurukoa da. Azken edizioetan bezala, bertaratutakoek turismo-jarduera osagarri bat izango dute toki bakoitzean, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak antolatuta.

 

Eskualdeko programazioa

Ekainaren 24an, larunbatean 20:30ean, Kherau taldeak musika emanaldia eskainiko du Berako Altzateko Plazan. Bizkaiko boskotearen zuzenekoa indartsua da, baina aldi berean kantu lasaiagoak ere baditu. Hori bai, kontzertu bakoitzari ikuspegi berezi bat ematen saiatzen dira eta normalki, olerkia eta bertsolaritza ere uztartzen dituzte bere emanaldietan.

Uztailaren 6an, ortzegunean 18:00etan Igelaren Bandak emanaldia eskainiko du Zugarramurdiko lezeetan. 4 euroko sarrera ordaindu beharko da lezeetan sartzearen truke. Igelaren Banda 1998an jaio zen eta2000. urtean karrikaratu zuen lehen diska. 2011 urtetik honak Bixente Martinez (gitarra), Hasier Oleaga (bateria) eta Amaiur Cajaraville dira taldekideak. 2013ko martxoan ‘Preguntatxo bat’ diska karrikaratu zuen (Elkar) eta geroztik hainbat kontzertu eskaini ditu. 2015eko udazkenean ‘Debalde festa’ diska karrikaratu zuen (Elkar), bertsolariek gehien erabiltzen dituzten doinuei eskainia.

Egun berean, lezeetara eta Sorginen Museora bisita gidatua eskainiko da 11:00etatik 19:00etara. Helduek 4,50 euro ordaindu beharko dute eta 6-12 urte arteko haurrek bina euro. Erreserbak 948 599004 telefonoan edo info@zugarramurdi.eus helbidean.

Abuztuaren 4an, ortziralean 20:30ean Dantzaz dantza taldearen saioa izanen da Elizondoko plazan. Mikel Laboaren kantuak oinarri hartuta Dantzaz dantza taldeak gaur egungo koreografia sortu zuen, Lekeitioko Kale Artearen Nazioarteko Jaialdiaren laguntzaz. Dantzaz taldearen produkzioak, Mikel Laboaren musikak, Josu Mujikaren koreografiak eta Iñaki Salvadorren musika-aholkularitzak bat egiten dute emanaldian.

Egun berean, ‘Zaindari ikusezina’ bisita gidatua eskainiko dute, 17:00etan hasita. Bi ordu eta erdiz Elizondo herria eta hilerria ezagutzeko aukera izanen da, Foru Plazatik abiatuta. Prezioa 10 eurokoa da. Erreserbak 670336232 telefonoan edo visita-elguardianinvisible@hotmail.com helbide elektronikoan.

Abuztuaren 17an, ortzegunean 20:00etan Donamariko Jauregian Lurpekariak musika taldeak emanaldia eskainiko du. Hirukote bikoitza moduan aurkezten dute bere burua, free-jazz eta sunpriñuren artean, artzaien kantuen eta inprobisazio librearen artean mugituz. Ion Celestino (tronpeta), Nerea Erbiti (ahotsa), Ander Garcia (kontrabaxua), Javier Callén (kontrabaxua), Daniel Lizarraga (bateria) eta Israel Tubilleja (bateria) dira taldekideak.

Egun berean, 19:00etan Jauregia dorrera 50 minutuko bisita gidatua eskainiko dute, 4 eurotan. Erreserbak 652 162103 telefonoan edo jauregiarte@gmail.com helbide elektronikoan.

Irailaren 1ean, ortziralean 20:00etan, azkenik, Lesakako Plaza Zaharrean Tenpora taldeak emanaldia eskainiko du. 2013an sortutako taldeak musika eta literatura uztartzen ditu. Carlos Linazasoro eta Harkaitz Cano idazleen hitzekin osatzen dute bere musika. 2015ean ‘Mundu Berria’ diska aurkeztu zuen eta hau aurkezten ari dira han-hemenka. Datorren udazkenean karrikaratuko dute bigarren diska. Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxu elektrikoa), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak), Beñat Barandiaran (gitarra) eta Elene Arandia (ahotsa) dira taldekideak.

Egun berean, Lesakako Burdinaren Museora ordubeteko bisita gidatuak eskainiko dituzte, 12:00etan eta 17:00etan, Turismo Bulegotik abiatuta. Prezioa: 2 euro. Erreserbak, 948 638007 telefonoan edo kultura@lesaka.eus helbide elektronikoan.

 

Erakusketa Bertizen uztailaren 20tik irailaren 4ra

Bertizko Jaurerriko Natur Parkean Bego Antonen argazki erakusketa izanen da uztailaren 20tik irailaren 4ra, Sauvageren parte-hartzearekin. Uztailaren 20an, 12:00etan eginen dute inaugurazio ekitaldia, artistak bertan direla eta egunero, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara irekia egonen da ‘Haiek Danak Sorginak’ izenburua duen erakusketa. Inkisidoreek akusatuak torturatuz lortzen zituzten eta gaur egun gordetzen diren lekukotasunetan oinarritzen da. Proiektuak gertaeren tokiak erakusten ditu (basoak, kobak eta baserriak), eta antza egiten zituzten sorginkeria-jarduerak antzezten ditu. Emakume horiek jazarpenaren ondorioz bizi izan zuten etsipena erakusten dute Bego Anton (Bilbo, 1983) argazkilariaren lanek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun