Irune Izkuek eta Joxean Etxeberriak irabazi dute Urrezko Aizkolarien txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 6a, 07:38

Beintza-Labaiengo Irune Izkuek irabazi du lehen aldiz egin den emakumeen Urrezko Aizkora.

Emakumeen eta 23 urtez beheitikoen txapelak eskualdera etorri dira eta kategoria nagusian laugarren izan zen Jon Rekondo leitzarra

Ekainaren 4an jokatu zen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan banakako Urrezko Aizkora txapelketaren finala. Maila nagusian, Aitzol Atutxa bizkaitarra nagusitu zen, Iker Vicente, Ugaitz Mugertza eta Jon Rekondo leitzarraren aitzinetik. Emakumezkoetan, Elgorriagako Irune Izkuek irabazi du lehen edizioa eta 23 urtez beheitiko kategorian, Zigako Joxean Etxeberriak.

 

Kategoria nagusian, bi lehenbiziko probetan Jon Rekondo izan zen onena: erlojuaren kontrako proban, 45 segundotan moztu zuen 45 ontzakoa, Atutxak baino 3 segundo lehenago, eta Mugertzak eta Vicentek baino 6 segundo lehenago. Zutikako kanaerdikoa mozten ere leitzarra izan zen bizkorrena, 2 minutu eta 12 segundoan moztu baitzuen. Hiru segundo atera zizkion Vicenteri, 11 Atutxari eta 25 Mugertzari. Baina ondoko proba luzeagoetan, faboritoak hasi ziren gailentzen. Atutxa izan zen bizkorrena oinbiko enborra mozten, baita zutikako 45 ontzakoa eta etzandako kana-erdikoa mozten ere. Azkeneko proban, aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu behar izan zituen. Iker Vicente izan zen onena, 18 segundo atera zizkion Atutxari, baina ez zuen aski izan bizkaitarraren denbora hobetzeko. Azkenean, Atutxak 26 minutu eta 42 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko; Vicentek 19 segundo gehiago, 27 minutu eta seguno bat; Mugertzak 30 minutu eta 43 segundo eta Jon Rekondo leitzarrak, mutrikuarrak baino 7 segundo gehiago, 30 minutu eta 50 segundo.

Emakumezkoetan, Irune Izkue eta Berako Nerea Sorondo aritu ziren eta Elgorriagakoa nagusitu zen hiru probetan. Lan guztiak burutzeko 10 minutu eta 31 segundo behar izan zituen eta Berakoak 12 minutu eta 50 segundo.

23 urtez beheitiko kategorian, Zigako Joxean Etxeberriak mendean hartu zuen Kañamares IV. Etxeberriak 15 minutu eta 38 segundoan egin zuen lana eta Oier Kañamaresek 17 minutu eta 36 segundoan.

19 urtez beheitikoan Zelai III. nagusitu zitzaion Kañamares V.ari eta harri jasotzen Mikel Lopetegik mendean hartu zuen Izeta II.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun