Bidasoko Trenaren mendeurreneko erakusketa herriz herri ibiliko da

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 23a, 15:18
Ekainaren 23an aurkeztu dute herriz herri ibiliko den erakusketa ibiltaria Lesakako Harriondoa Kultur etxean.

Ekainaren 25etik uztailaren 31ra Lesakako Harriondoan izanen da, baina erreka osoan ikusteko aukera izanen da urte hondarra bitarte

Ekainaren 25etik uztailaren 31ra zabalduko da Harriondoa Kultur Etxean Tren Txikitoren Mendeurrenaren (1916-2016) erakusketa ibiltaria. Ondotik, trenak berrogei urtez egin zuen bezalaxe, errekako herri aunitzetara ailegatuko da erakusketa abenduaren 31 bitarte. Halaxe jakinarazi dute ekainaren 23an egindako aurkezpenean. Azpeitiko Euskal Museoan jarri zen erakusketa orain herriz herri ibiliko da.

 

Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak aipatu duenez, «batzuentzat Munduko zortzigarren marabilla zen Bidasoko trena, baina egia da ekonomikoki zulo handia izan zela, tximinitik hasi eta azken bagoira bitarte, 40 urteko bere ibilbide gehienean». 1956an, trenbidea desagertu zen urte berean, Laminaciones de Lesaka  lantegiraino trenbidea eramateko eskaria egin zuen Jose Luis Varez Fisa lantegiko sustatzaileak eta Renfeko zuzendari nagusiarekin ere bildu zen, baina ez zuen aitzinbiderik izan. Orduan errentagarria izanen zela uste du Etxegaraik, «Laminacionesek milioi bat Tona bobina mugitzen baitzituen urtero eta Baztan-Bidasoaldea eta Irun edo Hondarribia-Hendaiako hondartzak lotzeko egokia izan zitekeen. Baina han bukatu zen historia».

Euskotrenen eta Azpeitiko Euskal Museoaren izenean zuzendari nagusia, Imanol Leza etxalartarra etortzekoa bazen ere, azkenean ezin izan zuen aurkezpenean izan eta bere ordez Juanjo Olaizola aritu zen solasean. Aurten sorreraren 100 urteak ez ezik, itxieraren 60 urteak ere betetzen direla gogoratu zuen. «Nafarroako bide estuko trenaren patua horixe izan zen, 40 bat urte irautea: Bidasoko trenak bezalaxe, Gasteiz eta Lizarra arteko Vasco-Navarro trena ere 40 urtez ibili zen martxan, Donostia eta Iruña arteko Plazaola ere berdintsu, Iratiko Trena… Nafarroak apustua egin zuen errepidearen eta autobusaren alde eta bide estuko trenak suerte txarra izan zuen». Bidasoko Trenari Tren Txikito deitzearena gure ingurukoa baino Irungo ohitura dela ere aipatu zuen, «han Europako bide zabaleko trenetara ohituak zeudelako».

21 informazio-panelek osatzen dute erakusketa, baina horretaz gain Manuel Cariñena irundarrak eta Juan Mari Telletxea, Iturenen bizi den elizondarrak bildu eta doan utzitako material, sarrera eta bertzelakoak ere ikusgai daude, bertze batzuren artean.

Leire Ortuoste Doneztebeko udal zinegotziak aipatu duenez, Lesakan ikusgai jarri ondotik, abuztuaren 5etik 12ra Etxalarren izanen da ikusgai erakusketa; abuztuaren 20tik 24ra Donamarian; abuztuaren 27tik irailaren 5era eta azaroaren 10etik 20ra Donezteben; irailaren 8tik 11ra Eratsunen; irailaren 13tik 20ra Beran; irailaren 23tik 25era Igantzin; irailaren 27tik urriaren 11ra Sunbillan, urriaren 15etik azaroaren 7ra Baztanen, azaroaren 24tik 27ra Zubietan, abenduaren 2tik 4ra Iturenen, abenduaren 7tik 18ra Bertizaranan eta abenduaren 23tik 31ra Elgorriagan. Kirol ekintzaren bat antolatzeko asmoa ere badu Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak, baina oraindik erabaki gabe dago.

 

Harriondoan ekainaren 25etik uztailaren 31ra

Harriondoako erakusketari dagokionez, asteartetik ortziralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandetan 10:00etatik 14:00etara ikus daiteke. Sanferminetan eta astelehenetan itxia egonen da. Cederna Garalur eta Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak antolatu dute, Euskotren eta Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuaren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun