Eskualdeko egileen euskarazko lanak saritu ditu Iruñeko Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abe. 31a, 11:13

Iruñeko Udalak euskarazko idazlanak saritu ditu aurten ere. Sarituen artean, eskualdeko egile aunitz.

Dani Martirena legasarrak narrazio laburretan eta Jon Barberena elizondarrak olerkietan lortu dituzten lehen sariez gain, bertze zenbait sari ere ekarri dituzte

Iruñeko Udalak hogeita bosgarren aldiz antolatutako egile berriendako euskarazko literatur lehiaketako sariak banatu dituzte eta aurten ere eskualdeko zenbait egile sarituak suertatu dira. Dani Martirena legasarrak narrazio laburren, Jon Barberena elizondarra olerkietan eta Julio Sotok bertso-paperetan lortu dituzte lehen sariak.

 

Denera 30 idazlan aurkeztu dituzte Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketara, horietatik 20 narrazio laburrak, 6 poesia lan eta 4 bertso-paper. Kategoria bakoitzean lehen saria 2.500 eurokoa da, bigarrena 1.000 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa.

Narrazio laburrean, aipatu bezala, Legasako Dani Martirenak lortu du lehen saria, Asteazken hark arrunta behar zuen idazlanarekin. Historia hurbileneko bizipen eta gertakariak biltzen dituen mosaikoa da idazlana. Bigarren saria  Xabier Agurruzak eta hirugarrena Raul Morenok.

Olerkietan, lehen saria Elizondoko Jon Barberenak eskuratu du ( )utsunea lanarekin. Olerki bilduma Oteizaren aipu batekin hasten du Barberenak, eta olerki abstraktoak, hizkuntzari buruzko erreflexioak eta bertzelakoak biltzen ditu. Bigarren saria ere eskualdera etorri da, Iban Garro lesakarrak eskuratu baitu Omar lanarekin. Inmigrazioaren gaia landu du Garrok bere olerkietan. Hirugarren saria Odei Ruizek eskuratu du.

Bertso-paperetan, Julio Sotok lortu du lehen saria, anai baten heriotzak sortzen duen oinazea biltzen duen Odoletik xortarengatik. Bigarren saria Eneko Fernandez lesakarrak lortu du, memoria historikoaren oihartzunak biltzen dituen Larragako loretxoa lanarekin eta hirugarren saria Julen Zelaietarentzat izan da, eskolako oroitzapenak umorez lantzen dituen Ze denbOHOrak bertxo-xortarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun