Gau erdia pasata, goizaldeko ordubata aldera, Artikutzako bizilagunek eman dute abisua, ortzegunean sutea piztutako eremuan su garrak ageri ziren berriz. Haize bolada gogorren ondorioz, garrek berehala hartu dute indarra eta segituan zabaldu da sua. Larrialdi zerbitzuak segituan hasi dira lanean eta Oronoz, Burgete, Navascues, Cordovilla eta Altsasuko suhiltzaileak eta Bera eta Goizuetako boluntarioak bertaratu dira Arantza ingurura. Artikutzaraino heldu da sua eta bertan Gipuzkoako suhiltzaileak eta 3 basozain ari dira sua itzaltzeko lanetan.
Bigarren frontea, Bagatxar-Ollargata inguruan berpiztu da goizaldeko 5etan. Inguru malkartsuan dago oso eta horrek sua itzaltzeko lanak zailtzen ditu. Gainera, haize bolada gogorren ondorioz, 90 km ingurukoak, hegazkinik ezinen da erabili momentuz, sua itzaltzeko. Hirugarren frontea Izu eta Amekaurrun ingurura zabaltzen ari dena da, Lesaka alderantz gerturatzen ari dena.
Kalte handiak eragin ditu dagoeneko suak inguruan, behin betiko datuak heldu bitartean, Juan Migel Almandoz Arantzako alkateak jakinarazi du erretako eremua 140 hektarea ingurukoa dela. Alkateak herritarren laguntza ere eskatu du, sua kontrolpean hartzeko ahal duten neurrian lagundu dezaten.