Donostiako Udaleko txistulari taldeak eta Mendi Abesbatzak emanaldia eskainiko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abe. 16a, 07:46

Mendi Abesbatzak, Donostiako txistularien eta Agorretako ikasleen laguntza izanen du ortziraleko kontzertuan.

Ortziral arratseko 8etan ariko dira Agorreta Musika eskolako ikasleekin batera elizan

Azken urte hauetan egin duten gisan, aurtengoan ere Donostiako Udaleko Txistulari Taldeko kideak Doneztebera joanen dira bertako Mendi Abesbatzarekin batean Eguberriko Kontzertu Berezia eskaini asmoz. Eta bertze behin, herriko Agorreta Musika Eskolako ikasleek ere bi talde hauekin elkarlanean parte hartuko dute.

 

Kontzertua datorren abenduaren 18an izanen da, ortziral arratseko 8etan Doneztebeko San Pedro Elizan, eta egitarau zabala entzun ahal izanen da bertan: Joaquín Larregla maisuaren hainbat obra instrumental zein abestuak (aurten bere jaiotzearen 150. urteurrena dela eta), Jose Maria Iparragirre olerkari eta musikari handiaren doinu ezagun eta hunkigarriak, Aita Donostiaren Hiru Txito ederra, eta nola ez, Eguberriko doinu ederrenak, Mesias Sarritan eta Horra Mari Domingi tarteko. Gainera, Agorretako ikasleek txistularien laguntzaz Jesús Guridi maisuaren hiru kanta abestuko dituzte. Eta noski, saioan zehar Mendi Abesbatzako bakarlariak entzuteko aukera ere izanen da.

Txistuaz zein ahotsaz gozatzeko parada ezinhobea, beraz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun