Solaslaguna bezalako programetan parte hartzen dutenek euskara maila hobetzeaz gain, gehiagotan erabiltzen dute eta ongi pasatzen dute, saioetan arras gustura egoten direla aipatzen dute. Jarduera osagarriak ere egiten dituzte, hala nola eskualdeko gainontzeko solaslagun taldeekin irteerak, afariak, kirol ekintzak, Mintza Eguna…
2014-15 ikasturtean, Baztan, Bortziriak eta Malerrekan 90 solaslagunek eman zuten izena (bidelagunak 25 eta bidelariak 65) eta 16 talde osatu ziren. Egitasmo eder bat ere iaz abiatu zen gisa berean: euskalkide. Berako eta Elizondoko zahar etxeetan egin zen, 4 aitaldi egoitza bakoitzean eta bertan bizi diren adinekoak eta interesatuak elkarrekon solasean jarri zituen, tokian tokiko solasmolde jatorrak ikasteko eta horretan aritzeko espazioak sortuz. Honez gain, hizkuntza portaeran eragitea, adineko pertsonekin hartu-emanak sortzea eta ondare inmateriala diren neurrian, hauen esperientzia ikastea zuten helburu. Arras harrera ona izan zuen eta aurten ere errepikatzeko asmoz daude.
Izen emateko eperik ez da eta nahi denean apunta daiteke.
Informazio gehiago Solaslagunaren Txokoan (solaslaguna@topagunea.org, 610 920673 telefonoan), Bortziriak, Malerreka eta Baztango euskaltegietan, baita Bortzirietako Euskara Mankomunitatean eta Malerrekako Mankomunitateko eta Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuetan ere.