Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Lekarozko UGPSa berraztertzea eskatu dio Aroztegia eta gero zer? Plataformak Nafarroako Gobernuari

Aroztegia eta gerp zer? Plataforma, Sustrai Eraikuntzak eta bertze gizarte eragileak agerraldian.

Aroztegiako proiektuaren inguruko egoera azaltzeko eta izanen dituen ondorioak argitzeko solasaldia antolatu dute urriaren 2an Lekarozen 

Aroztegia…eta gero zer? Plataformak eta Sustrai Erakuntzak Lekarozen egin nahi den Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialari (UGPS) buruz bere ikuspuntua agertzeko eta honen aurrean hurrengo astetan burutuko diren ekintzen berri emateko prentsaurrea eskaini zuen irailaren 29an.

Bertan adierazi zutenez, “Aroztegia proiektua egitasmo urbanistiko-espekulatzailea da, 228 etxebizitzako bizigune berria sortu nahi duena Baztanen, 750 biztanle inguruko bizigunea hain zuzen, gaur egun 322 biztanle dituen herri batean. Hala, golf zelaia eta hotela, jokaldi urbanistikoa zuritzeko aitzakiak bertzerik ez dira.

Aroztegiako egitasmoak Baztango egituraketan eta lurraldearen antolaketan ondorio nabariak izanen dituela uste dute Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Sustrai Eraikuntzak, «praktikan, Baztango 16. Herrian bihurtuko litzateke eta, horrek, dudarik gabe, ondorio sozial, espazial eta ekonomiko sakonak ekarriko lituzke».

Aipatu beharra dago proiektu hau bera, aldaketa txiki batzuekin, herriak, tokiko administrazioak zein Aroztegia..eta gero zer? plataformak egindako lanari esker atzera bota zela eta epaitegiak legez kontrakoa izendatu zuela 2013an. Proiektua bertan behera utzi ondotik, enpresa bulkatzaileak Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren figura erabiliz lehengo proiektu bera Nafarroako Gobernuarekin zuzenean tramitatuz egin du, «horrela Lekarozko herria, Baztango Udala eta Batzar Nagusia bazter batean utziz. Azken finean, herritarren kontrako jarreraren gainetik proiektua inposatu nahi izan dute. Hori aski ez, eta nahiz eta 2008an Nafarroako Gobernuak proiektu honi udalez gaindiko izaera ukatu, aurreko legealdi bukaeran, hauteskunde bezperetan, UPNren gobernuak UGPS-a onartu egin zuen», adierazi zuten agerraldian.

Aroztegia…eta gero zer? plataforma, Sustrai Erakuntza eta bertze eragileek «Nafarroako Gobernuak UGPSak proiektuak inposatzeko eta krisia, bezerokeria eta ustelkeria bultzatzen duen eredu ekonomikoa gailentzeko erabili izana» salatu dute. Honengatik, uste dute Nafarroako Gobernuak lehenbailehen birplanteatu beharko lukeela lurraldea antolatzeko tresna honen erabilera (UGPSarena). «Aitzineko gobernuek erabili dute, tokiko entitateen erabaki eta interesen gainetik pasatzeko. Beraz, Nafarroako Gobernu berriak azken urteetan martxan jarri diren UGPSak berraztertu beharko lituzke eta udalerri bat baina gehiagotan eragiten ez dutenak ala interes orokorra kontutan ez dutenak deuseztatu», aipatu zuten.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari Aroztegiako UGPSa bertan behera gelditzea eskatu dute: «Ez dago aitzakiarik –diote idatzian– herriaren hitza zein tokiko administrazioen konpetentziak eta autonomia ez errespetatzeko, ezta UGPSak interes soziala defenditzeko erabili beharrean interes espekulatzaileak lehenesteko ere». Nafarroako Gobernuak gehiengo sozialak eskatu duen aldaketa soziala gauzatzeko bidean urrats hau ematea ezinbertzekotzat jo dute eta hau egin ezean, hainbertze aldarrikatu eta irudikatutako aldaketa iruzurra bertzerik ez dela izanen uste dute.

Horrela gertatuz gero, Sustrai Erakuntzak epaitegietara joko du Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka eta Aroztegia…eta gero zer? Plataformarekin batera lanean segituko du Aroztegiako proiektu «espekulatzailea» gelditu arte.

Urriaren 2an, ortziral arratsaldeko 7etan solasaldi bat antolatu dute Lekarozen proiektuaren inguruko egoera azaltzeko eta izango dituen ondorioak argitzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun