Bortz aizkolari bikotek jokatuko dute XIV. Ramon Latasa Saria Sunbillan igandean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 5a, 07:41
Joan den urteko Ramon Latasa sarian parte hartu zutenak, antolatzaile eta laguntzaileekin, sari banaketaren ondotik.

Xanta Sousa 40 kiloko txingekin ariko da eta Felix Etxeberria eta Iker Vicenteren arteko lehia ere izanen dira

XIV. Ramon Latasa aizkora saria jokatuko da abuztuaren 9an, igande arratsaldeko 7etatik aitzinera Sunbillako udal pilotalekuan. Momentuko 10 aizkolari onentsuenak, bortz bikotetan ariko dira eta bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu: Floren Nazabal eta Ander Erasun, Aitzol Atutxa II eta Ugaitz Mugertza, Donato Larretxea eta Xabier Orbegozo Arria V, Joseba Otaegi eta Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendi eta Joxemari Olasagasti.

 

Ekitaldi berean, Felix Etxeberria sunbil­darra, Iker Vicente aizkolari gaztearen aurka ariko da, launa kanaerdiko moztuz. Lesakako Xanta Sousa txingalaria ere ariko da eta zerbait berezia egiteko asmoa du, 40 kiloko txingak erabiliko baititu esku bakoitzean (normalean 25ekoekin egiten dute konpetizioa emakumeek).

 

14 edizio

Sunbildarrak 2002. urtean hasi ziren antolatzen Latasa Saria, garai bateko Ramon Latasa aizkolari handia izandakoari omenaldia egiteko helburuarekin. Lehen urtean jende aunitz bildu zutenez, urtero errepikatzea erabaki zuten. Honela, aurtengoa hamalaugarren edizioa izanen da.

Joan den urtean lehiaketako lana aldatu egin zuten, lan luzea jarriz eta hamar aizkolari onenek parte hartu zuten, bortz bikote osatuz. Antolatzaileak gustura gelditu ziren jasotako erantzunarekin eta aurten ere gauza bera egiteko asmoa dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun