Errekaren Eguna ospatuko dute asteburu honetan Donezteben

Ikusmina piztuko du aurten ere Errekako seniorren eta izarren arteko partidak.

Denboraldi bikainari urrezko bukaera emateko Herri Krosa antolatu dute ekainaren 21ean

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak ekaineko bi hitzordu garrantzitsu antolatu ditu: taldearen eguna eta herri krosa. Bi asteburu hauekin elkarteak hagitz emankorra izan den urtea borobildu nahi izan du;  Nafarroako Kirol Elkarte hoberenaren saria jaso baitu Gobernuaren eskutik, baita eskubaloi harrobi hoberenarena ere. 

Elkartearen eguneko ospakizunak ekainaren 12an (ortzirala) hasiko dira. 20:00etan Mendi-diapositibak  Roberto Ordaxen eskutik Leku Eder Zineman: Annapurnako trekkina. 22:00etan Santa Luzia Plazan Mus Txapelketa.

Larunbatean berriz programa hagitz zabala prestatu dute: 09:30etik aitzinera kiroldegian eskubaloia: Errekako harrobiko jokalariak. 12:00etan Errekako Judo Eskolako erakustaldia. Arratsaldean be­rriz, 16:00etan: Neska seniorrak vs kadete mutilak: urte osoan Txomin Mindegiarekin entrenatzen aritu den neska taldea kantxaratuko da kadeteen aurka aritzeko. 17:15ean: Beteranoak ariko dira eta aurten Errekaren jokalari historikoak biltzeko ahalegin berezia egin dutenez, ikuskizuna segurtatua dago. (Atsedenaldian aurrealebinak). 18:15ean: Errekako talde seniorra, Asobaleko jokalariez osatua egonen den izarren taldearen kontra ariko da. Atsedenadian Errekako Dantzarien erakustaldia izanen da. Ondotik zozketak. 21:00etan Herri Afaria Santa Luzia Plazan (txartelak erosi Titi Ostatuan ekainaren 11 baino lehen). Erreka sortu zenetik orain arteko ibilbidearen proiekzioa eskainiko dute, bildu dituzten argazkiekin. Gero, gaupasa izanen dute Oharkabe taldearekin.

 

XXXVII. Herri Krosa

Ohitura den bezala, San Pedro besten au­rreko igandean ospatuko da aurtengo herri krossa, klasikoa bihurtu dena Bidasoaldean eta azken urte hauetan parte hartze bikaina lortu duena, 200 korrikalari baino gehiago bilduz.

Izen-ematea egunean bertan egin daiteke edo  www.herrikrossa.com web orriaren bidez edo Elkartearen Blog-aren bidez: www.erreka.org. 5 euro ordaindu beharko dute jubenilek eta hortik aitzinerako kategoriek. Gazteagoen­tzat debalde izanen da. Au­rre-benjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak 10:30etik aitzinera aterako dira. Jube­nilak, seniorrak eta beteranoak, aldiz, 11:30e­an.

Distantziei dagokienez honako hauek izanen dira: maila berezia: 75 m.; aurre-benjaminak: 420 m; benjaminak: 420 m; alebin neskak: 800 m; alebin mutilak: 1.180 m; infantil neskak: 1.180 m; infantil mutilak: 1.560 m; kadete neskak:  1.825 m; kadete mutilak: 3.650 m . Hortik aitzineko neskek 3.650 m. eta mutilek 7.300 m.

Partehartzaileek ikusleen txaloez gain, sariak ere eskuratuko dituzte. Txikienek opari­txo bana jasoko dute eta gizon eta emakumeen sailkapen oroko­rrean, berriz, honako sariak izanen dira: irabazleak  150 euro; biga­rrenak 90 euro; hiruga­rrenak 60 euro; lauga­rrenak 45 euro eta bosgarrenak 30 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun