«Ahozko ondarea bildu eta jakintza horiek berriro gizarteratu behar dira»

Eneritz IRAOLA 2012ko abe. 12a, 10:32

Maite Lakar, Euskokultur fundazioaren baitan, ondare ez materiala biltzen ari da. Utzitako argazkia

Duela sei urte hasi zen, Maite Lakar eskualdeko ondare ez materiala biltzen. 2006 eta 2008 bitartean, Bortzirietako 50 gizon-emakumeren testigantzak, ezagutzak eta istorioak bideoan grabatu zituen. Bildutakoa antolatu ondotik,  Bortzirietako Euskara Mankomuni­tateak eta Euskokultur Fundazioak lanaren aurkezpena eginen dute abenduaren 19an, arratsaldeko 18:00etan, Berako Beralandeta eraikinean. Mendez mende eta ahoz aho transmititu den jakintza, ikus-entzunezko formatuan bueltatuko zaio gizarteari.

 
E. IRAOLA
 
Zein da egindako lanaren helburua?
Ondare ez materiala bil­tzea. Bertako euskaraz gain, bizimodua, ohiturak, lanbideak, sinismenak, jokuak, kantuak... pertsona baten bizitza osa­tzen duten atal guztiak biltzea. Gero, eduki horiek guztiak berriz gi­zarteratzeko. 
 
Nola egin duzue bilketa lana?
50 gizon-emakume elkarrizketatu ditugu. Gehienak 64 urtetik goitikoak. Herriko norbaitek bidalita joaten ginen elkarrizketatuengana.  Lehenengo eguna elkar ezagutzeko, gaiak tanteatzeko eta proiektua esplikatzeko erabili eta biga­rren egunean egiten genituen grabazioak. Per­tsona bakoitzarekin bataz beste pare bat orduko grabazioak egiten genituen. Lekuko bakoitzari ahal genuen etekin gehiena ateratzen saiatu gara. Sei urtez aritu gara bilketa lanean. Milaka istorio, bizipen... batu ditugu.
 
Zeri buruz solasten zuten?
Denetarik bildu dugu, ahal genuen guztia. Eguneroko bizitzarekin lotura duten gaiak eta herriko bizitzarekin erlazioa dutenak. Garai hartako ohitura, sinesmenak... Ekonomiaren inguruan ere solastu dute. Garaiko lanbideez eta jakina, kontrabandoa, feriak eta merkatuak ere hizpide izan dira. Ber­tzetik, soldadu garaia eta herriko istorio politiko zaharrak ere bildu ditugu. Kulturarekin zerkusia dutenak eta euskara-gaztelania ha­rremanaz ere bai: egiten zituzten hanka-sar­tzeak, gaizki ulertzeak, euskaraz egitea debekatua izan zenekoa, he­rriz herri mintzoen arteko aldea... Eta nola ez, gaur egungo edo azken urteotako kontuez ere aritu dira.
 
Ohartzen gara guzti horren balioaz?
Nik uste dut oraindik ez garela konsziente. Belaunaldi honek pila bat daki,  eduki aldetik eta baita euskarari dagokionez ere. Beste garai eta egoera batzuk bizi izan dituzte. Beraiek kontatzeko duten guztiak izugarrizko balioa du, diruz ordaindu ezin litekeen balioa. Ondare hau betiko gal­tzen dugunean ohartuko gara duen garran­tziaz eta hori da tristeena. Aldez au­rretik bilketa lana egiten ez bada, pertsona hauek falta direnean ondarea ere beraiekin batera desagertzen da.
 
Nola berreskuratu?
Bilketa lana egin, materiala sortu eta horren inguruan ekimenak egin behar dira. Asko dago egiteko eta landu beharreko zerbait da.
 
Eskualdean bildutakoa eskuragarri egonen da?
Interneten paratuko dugu eta materiala ere  sortu nahi dugu: liburuak, DVDak... Horretarako Labrit eta Euskokultur Fundazioa aritzen gara elkarlanean. Baztanen gainera, fonoteka gisako bat ja­rri dute. Material guztia jarriko da eskuragarri, interesa duena, bertara joan eta kontsultatzeko. Baztango bilketaren aurkezpen ofiziala urtarrila edo ­o­tsailean izanen da. Bor­tzirietako lanaren aurkezpena berriz, abenduaren 18an eginen da Beran Beralandetan.
 
Zein da aurkezpen horren asmoa?
Herritarrek ikustea zer lan egin den eta proiektu honen berri ematea. Hau ez baita hemen hasi eta hemen bukatzen. Asko bildu dugu, baina oraindik asko dago bil­tzeko. Elkarrizketatuei aurkezpen egunean  nolabaiteko omenaldi edo eskertza egin nahi diegu. Beraiek joaterik ez badute, xahar daudelako edo hil direlako familiei etortzeko deia egin nahi diegu. Bakoitzari bere grabazioaren kopia bat ematen diogu. Proiektua zertarako den ikusten dute eta oso emaitza polita izaten da.
 
BERRESKURAPENA
«Ondare hau betiko galtzen dugunean ohartuko gara duen garrantziaz eta hori da tristeena».

ONDORIOAK
«Idatziari eta irakurmenari izugarrizko garrantzia ematen zaio, baina ahozko transmisioa ez da lan­tzen. Ondare ez materiala galtzeaz gain, euskarari ere kalte egiten dio. Hizkuntzak bizitasuna eta naturaltasuna galtzen baititu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun