Tourra bortz aldiz irabazitakoak bildu nahi dituzte Berako La Miguel Indurain proban

Aitor AROTZENA 2011ko eka. 23a, 14:29

Atarrabiako txapeldun handiarekin batera, Eddy Merckx eta Bernard Hinault etorriko lirateke

Bere lehendabiziko bi Frantziako Tourrak irabaziak zituen Miguel Indurain txirrindularia omentzeko asmoz zikloturista proba egitea gogoratu zitzaion 1992an CC Beratarra txirrindulari taldeari. Aurtengoan 20. edizioa beteko du proba honek eta hori ospatzeko, Atarrabiako txirrindulariaz gain, XX. mendean Tourra bortz aldiz irabazi zituzten Eddy Merckx eta Bernard Hinault ekarri nahi dituzte Berara.

Azkeneko urteetan uztaileko laugarren igandean egin da La Miguel Indurain proba, baina aurten ekainaren 25era aitzindu du CC Berata­rra talde antolatzaileak. Arrazoia: Miguel Indurainekin batera Frantziako Tourra bortz aldiz irabazi zuten Bernard Hinault eta Eddy Merckx Berara ekartzea. Oraindik ez dago garbi helburua lortuko duten, baina horretan saiatzen ari dira antolatzaileak.

Lortzekotan, 20. edizioa aski berezia izanen zen. CC Beratarra taldeko Jose Mari Telletxeak gogoratzen duenez, «txirrindulari elkartea sortu genuenetik, beti probak antolatzen ibiliak gara. Gainera, lehenbiziko txirrindularitza eskola martxan paratu genuen eta bizikletarako afizio handia zegoenez, zikloturista ateraldiak plantatzen hasi ginen. Euskadiko Pedalaren Eguna antolatu genuen eta azkenean Miguel Indurain berarekin solastu eta zikloturista proba bati bere izena ematearen ideia aipatu genion. Ongi iruditu zitzaion eta erraztasun guziak eman zizkigun». Pentsatu eta egin. Lehenbiziko edizio hartan kasik 500 txirrindularik parte hartu zuten, «inoiz pentsatuko ez genuen kopurua» eta azken aldian 1.700 eta 2.000 partehartzaile artean izan dituzte. Arrakasta ikusita, proba Atarrabiara eramateko saiakeraren bat ere izan da, baina Indurainek erran zuen CC Beratarrak antolatzeko gogoa zuen bitartean Beran eginen zela.

Ibilbidea ere aldatuz joan da, «batzuetan erre­pidearen egoera txa­rra­rengatik, urte batzutan Iparraldera sartu ginen, baina horrek arriskua zeukan, Foruzaingoa ezin zelako pasatu eta azkeneko lau edizioetan edo ibilbide berberak egiten dituzte, bata luzea, 186 kilometrokoa eta bertzea laburragoa, 113 kilome­trokoa, eta «biak partehartzaileen gustokoak dira», Te­lletxearen erranetan. Izan ere, Berako proba probatzen duten gehienak gustora gelditzen direla aipatu digu CC Berata­rrako ordezkariak eta gehienek errepika­tzen dute. Horren erakusgarri, Kataluniako Molins de Reiko taldea, bere hamargarren partehartzea gogoratzeko maillot bereziarekin eto­rri zen iaz. Tenerifeko CC Tayda taldeko 13 txirrindulari ere izan ziren Beran.

250 laguntzaile

Izan ere, La Miguel Indurain probaren egunean 250 lagun aritzen dira dena ongi atera dadin eta horien borondatezko lanarik gabe ez zela posible izanen onartzen du Jose Mari Telletxeak: «Sinestezina da baina aparkalekuetan, izen-emateko gunean, irteera-helmugan, hornidura lekuetan, bidegurutzeetan, loturako motoetan, luntxa banatzen… lanerako gogoz egoten da jendea. Honelako martxa bat antolatzea baino errazagoa da bertze edozein ka­rrera antolatzea». Egun horretan lanean aritzeko prest dagoen edonor antolatzaileekin harremanetan jarri eta besoak zabalik hartuko dutela ere aipatu digu.

Aurten, lehen aldiz, izen ematea Internet bidez egiten ari dira (www.laindurain.com) eta gehienez ere 2.000 txirrindula­riren muga ja­rri dute. «Hagitzez hobe da ho­rrela –dio Telletxeak– ai­tzi­netik badakigu zenbat jen­de izanen dugun eta horren arabera prestatu. Beran ez daukagu 2.000 lagun baino gehiago har­tzeko azpiegiturarik, lotarako tokia emateko orduan adibidez, Elizondo eta Irun aldea ere berehala bete­tzen baitira. Horregatik, kopuru horretara heltzen bagara, segidan itxiko da izen-emateko aukera».

Goizean Beran atera, arratsaldean erlojupekoa irabazi Valladoliden

Miguel Indurain berak ahal duen guzietan parte hartzen du bere izena daraman Berako proban. Joan den urtean, bere emazteak ere egin zuen proba laburra. «Bera den txapelduna bezalaxe portatu zaigu beti eta ez digu inoiz hutsik egin, Tourrean omenaldia egin zioten urtean izan ezik», aipatu digu Telletxeak.

Baina Beran bereziki gogoan dute 1993ko proba. Indurainek goizez kilometro batzuk egin zituen Beran eta arratsaldez, Gaztela-Leongo Itzu­liko erlojuaren kontrako saioa irabazi zuen. «Ongi eto­rri zitzaidan goizean kilome­tro batzuk egitea, hankak soltatu eta giharrak prestatzeko normalean ere hori egiten genuen. Valladoliden egin beha­rrean hemen egin nuen» aipatu dio ttipi-ttapari Miguel Indurain berak, garrantzia kenduz.

Hinault eta Merckx-ekin biltzeak ere ilusioa egiten dio Atarrabiakoari, baina zail ikusten du, «bakoitzak norbere agenda izaten dugulako eta zail izaten delako denak bateratzea. Antolatzaileek ahal duten guzia egiten ari dira eta jendearentzat polita izanen li­­­­t­zateke». Ea bada txirrindularitzako hiru munstro hauek Beran ikusteko aukera dugun.

Miguel Indurain, kontent berako proban

«Txirrindularitzaren besta handi bat da Berakoa, erabat sendo dagoena»

Gustora erantzun dio M­i­guel Indurainek ttipi-ttapatik telefonoz egindako galderei. Lehenbiziko saiakeran bizikletan entrenatzen ari zen, baina saioa bukatu bezain laister solasteko prestu azaldu zaigu.

Zer oroitzapen duzu 1992ko lehendabiziko edizio hartaz?

Neretzako gauza berria izan zen. CC Beratarra taldeko jendearekin solasten aritu nintzen eta nolabait bi lehendabiziko Tour haiek irabazteagatik omenalditxo bat egin nahi zidatela aipatu zidaten, txirrindularitza giroa berpiztu bidenabarkoan. Orduan ez zen gisa honetako proba askorik izaten, berrikun­tza izan zen eta jendeari gustatu egin zitzaion.

Geroztik zure izena daramaten Sari Nagusiak, karrikak, kiroldegiak… badira, baina hau izan zen jaso zenuen lehen errekonozimendua?

Sariren bat edo jasoa nuen, baina hau urtero-urtero antolatzen den ospakizuna da, ezberdina da. Herriko jendeak parte har­tzen du antolaketan, kanpoko jendea etortzen da parte har­tzera… Txirrindularitzaren besta handi bat da, erabat sendotua dagoena.

CC Beratarra taldekoek zuk erakusten duzun borondatea ere aunitz eskertzen dute…

Nik ahal dudanean lagun­tzen dut, baina beraiek dira ardura guztiak har­tzen dituztenak. Niri gustatzen zait parte hartzea eta ho­rregatik askotan izan naiz Beran. Txirrindularitza gogoko dut eta, nere erritmoan, praktikatzen dut.

FRANTZIAKO TOURRA 5 ALDIZ IRABAZITAKOAK 

EDDY MERCKX

Tervuerengo Ogroa edo Kanibala

• Jaioteguna: 1945eko ekainaren 17an.

• Jaioterria: Meensel-Kiezegem (Belgika)

• Profesionala: 1965eko maiatzaren 1etik 1978ko maiatzaren 1era.

• Palmaresa: 525 garaipen lortu zituen. Fran­tziako Tourra (5), Italiako Giroa (5) eta Espainiako Vuelta (1). 1974an Giroa, Tourra eta Munduko txapelketa irabazi zituen. 1972ko urriaren 25ean Munduko orduko errekorra egin zuen Mexikon (49,431 km).

BERNARD HINAULT

Bretainiako kaimana edo Azkonar Ttikia

• Jaioteguna: 1954ko azaroaren 14an.

• Jaioterria: Yffiniac (Bretainia)

• Profesionala: 1975etik 1986ko azaroaren 9ra. • Palmaresa: 216 garaipen lortu zituen. Fran­tzi­ako Tourra (5), Italiako Giroa (3) eta Espainiako Vuelta (2). Denera 41 etapa irabazi zituen hiru lasterketa horietan. Munduko txapeldun izan zen 1980an. 1980ko Lieja-Bastogne-Lieja irabazi zuen elurpean, biga­rrenari 9 minutu ateraz.

MIGUEL INDURAIN

Miguelon, Atarrabiako estralurtarra

• Jaioteguna: 1964ko uztailaren 16an.

• Jaioterria: Atarrabia (Nafarroa)

• Profesionala: 1984ko irailaren 7tik 1997ra.

• Palmaresa: Frantziako Tourra bortz aldiz segidan (1991tik 1995era), Giro Italia (1992 eta 1993). Erlojupekoan Munduko txapeldun (1995) eta Olinpiadetako txapeldun (1996) izan zen. Paris-Niza (1989 eta 1990), Dauphiné Libéré (1995 eta 1996), Donostiako Klasikoa (1990)…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun