Segida handia izan duen greba

TTIPI-TTAPA 2010ko uzt. 8a, 09:41
Goiko argazkian Leitzan egindako manifestazioa, eta azpikoan Lesakako manifestazioan, Saverako langileak. TTIPI-TTAPA

Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldean izan du eraginik haundiena

ELA, LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuek ekainaren 29an deitutako greba orokorrak segida zabala izan zuen TTIPI-TTAPAk hartzen duen eskualdean. LAB sindikatu­ko Koldo Saenzek «banaz bertze %90eko izan duela» aipatu zuen eta ELA sindikatuko Jose Mari Arri­billagak, bere aldetik, «joan den urteko maia­tzaren 21ekoaren parekoa» izan zela.
Eskualdeka, grebaren eragina ezberdina izan zen. Bortzirietan eta Lei­tzaldean kasik erabatekoa izan zen geldialdia. Bortzirietan, lantegi nagusienetako ateak, Lesakako Arcelor-Mittal edo Zalain Transformadosekoak, itxiak egon ziren eta ez zen produkziorik izan. Leitzako Sa­rriopapel ere itxia egon zen. Salbuespenak salbuespen, industrialdeak geldirik zeuden. Komer­tzioetan ere, Lesakan %90 inguruk itxi­ zuen, Beran %60ak eta Lei­tzan ere kasik denda guziek ez zuten aterik ireki. Administrazioen arloan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko mankomunitate eta udal bulego guziak ere itxita egon ziren, baina guttieneko zerbitzuak errespetatu ziren.
Malerrekan kasik lantegi eta komertzio guziak itxi zituzten, baina kontuan hartu behar da Donezteben San Pedro eguna zutela.
Baztanen, langileen erditsuak segitu zuen greba. Zenbait lantegi eta komertzio itxita egon ziren, baina bertze batzuk normaltasunez lan egin zuten.

Manifestazioa Lesakan
Greba egunari akabaila emateko, 400 bat lagun bildu ziren Lesakan, Etorkizun duin baten alde, Baztan Bidasoa bizirik lelopean egindako manifestazioan. ELA, LAB eta EHNEko ordez­kariek eraman zuten pankarta nagusia, baina ho­rrez gain, Saverako langileek eta Lekarozko Aroz­­tegiako egitasmoaren kontrakoek bere eskariak ere karrikaratu zi­tuz­ten. ELA eta LABeko ordezkariek grebak izandako segida azpimarratu zuten eta etorkizunean ere elkarrekin mobilizatzeko deia egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun