«Uda: beroa eta osasuna» hiruorrikoa banatu du Nafarroako Gobernuak

ttipi-ttapa 2009ko eka. 23a, 11:55
Osasun Zentroetan, Gizarte Zerbitzuetan, Zahar Etxeetan eta Haur Eskoletan banatu den hiruorrikoaren azala. TTIPI TTAPA

Ongi babestu ezean udak ekar ditzazkeen arriskuetaz ohartarazten du

Ongi babestu ezean udak ekar ditzazkeen arazo eta arriskuetaz ohartarazten duen “Uda: beroa eta osasuna” hiruorrikoa banatu du Nafarroako Gobernuak Osasun Zentroetan, Gizarte Zerbitzuetan, Zahar Etxeetan eta Haur Eskoletan.
Hiruorrikoa euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da, udaren etorrerak osasunari ekartzen ahal dizkion arriskuei aurrea hartzeko: elikadura, beroa eta bero boladak, eguzkia eta bainua. Jende ororentzat aholku interesgarriak dira, baina bereziki haurrentzat, adinekoentzat eta eri daudenentzat, bero boladen eragina gogorragoa izaten ahal baita haientzat.

Elikadura

Elikadurari dagokionez, udan urte sasoiari dagokion elikadura eta beheitikoaren zein deshidratazioare aurkako neurriak hartzea aholkatzen du, fruta eta barazki aunitz janez, ur eta zuku aunitz eta janaria ongi zainduz, beroak erraz hondatzen baitu.

Beroa eta eguzkia

Beroa atsegina eta osasungarria bada ere, gehiegizkoa denean osasunarentzat arriskutsua ere izan daiteekeela ohartarazi dute. Honela, beroak eragindako eritasunei aurrea hartzeko neurriak dira gehiago edatea, eguzkitik babestea, ariketa fisikoarekin kontuz ibiltzea, osasun zerbitzuetan kontsultatzea eta adinekoak nola dauden zaintzea.
Eguzkia pixkanaka eta denbora luzean eta eguerdiko orduetan ez hartzea gomendatzen dute, 15eko edo gehiagoko babes faktorea duen kremarekin. Haurrak gehiago babestea ere komeni da, txanoa eta elastikoa jarriz, itzalean, edaten… Bainatzean ere kontuz ibiltzea aholkatzen du Nafarroako Gobernuaren hiruorrikoak, haurtzaroan batez ere.

Web orria

Nahi izanez gero, informazioa www.cfnavarra.es/isp web orrian ere eskuratzen ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun