Saharaztan elkarte berria aurkeztu zuten ortzegun arratsaldean Elizondon

ttipi-ttapa 2009ko ots. 27a, 15:40
Saharar herriarekin eta herritarrekin elkartasunean lan egin nahi du Saharaztan elkarteak. TTIPI TTAPA

Saharar herriarekin elkartasun ekitaldiak eginen dira ortziral arratsaldean Lekarozen eta larunbatean Lesakan

Baztan-Bidasoako Saharar herriarekiko elkartasun taldeak Saharaztan erakunde propioa osatu eta ortzegun arratsaldean egin zuen aurkezpen publikoa Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Bertan aipatu zutenez. “urte batzu dira hasi ginela hemen, Bidasoa-Baztan inguru hauetan Saharako haurrak udako ekartzen. Leitzatik abiatu ginen eta orain, gaur egun, Nafarroa osoa hartzen duen ANAS elkartearekin harremanetan, gure erakunde propioa sortzea erabaki dugu: Saharako herria erran nahi duen Saharaztan izena jarri diogu, Sahara eta Baztan hitzekin jokua itxuratuz. Benetan Baztan, Malerreka eta Bortziriak eremuan, Baztan-Bidasoa nafarra besarkatuko duen elkartea sortu nahi dugu, alegia”.

Saharan gabezi eta behar ugari

Helburu argi eta garbi bat dauka Saharaztan taldeak: “Espainia kolonialak utzitako zauri odoltsuaren ondorio lotsaemangarriak, gure indarraren neurrian, apaltzen saiatzea”. Talde berriko kideek aipatu zutenez, “Saharak urteak damazki traizio ikaragarriarena jasaten, Mauritania eta Maroko menpean utzi zuenean Espainiako gobernu hark, transiziora bideratzen ari omen zen erregetza. Horrela darrai. Zati bat Marokok ustiatzen du. Bestea, basamortuan, Algeriaren laguntzari esker, amore eman nahi ez eta egoerari eutsiz kanpamentuetan bildurik, antolaturik, behar izugarrien menpe segitzen du. Haurrak daude. Ugariak dira. Dituzten gabeziak, beharrak, azaldu beharrarik dago?”
Sahararrek Sahara eskatzen dute eta Saharaztan taldeak arrazoia ematen die. “Sahararrek laguntza eskatzen digute, euren seme-alabek ahal dugun bezain beste indarrarekin laguntzea eskatzen digute”.

Ortziral arratsaldean Lekarozen eta larunbatean Lesakan

Ortziralean, otsailaren 27an, Arizkunenean, arratsaldeko 19:00etan, Lekarozko ikasle talde batek arazoari buruz, klaserako, prestatu zuen azalpena agertuko dute. Ondotik, Donezteben bizi den saharaui batek, Nafaa Salem-ek, bere herriaren egoera azalduko du.
Larunbatean, otsailaren 28an, Lesakako Kasinoan, “Sahara no se vende” filmea ikusgai izanen da 19:30ean eta bere egileetako batekin solastu ondoren Nafaa Salem-ekin solastu ahalko da, berriro.
Bi egunetan, egoitza bietan, udako kanpainari hasiera emanen diote Saharaztanekoek eta interesatuak azaltzeko deia egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun