Euriek eta uholdeek hainbat traba eragin dituzte gure inguruan

Aitor AROTZENA 2009ko ots. 12a, 15:20
Irun Endara zentrala eta errepidea lotzen zuen zubia desagertu da. Ormigoizko pilarea bakarrik geratzen da. TTIPI TTAPA

Berako Villanuevako zentrala eta N-121A errepidea lotzen zuen zubia eraman du errekak

Azken egunetan etengabe bota duen euriak bere eragina izan du eskualdeko erreketan eta asteazkenetik ortzegunerako arratsean gainezka egin dute hainbat lekutan. N-121A errepidean bizitu zen egoerarik arriskutsuena. Urritzokieta alderako bidegurutze parean gainezka egin zuen Bidasoak eta Oronoz-Mugairiko eta Lesakako suhiltzaileek errekak zeraman furgoneta batetik atera behar izan zuten gidaria, arratseko 22:10ean. Denetara, Oronoz-Mugairi, Bera, Goizueta eta Lesakako suhiltzaileek 30 ateraldi egin behar izan dituzte.

Lizuniagarako eta Larunerako bideak itxiak

Igantziko Benta eta Bera inguruan ere gainezka egin zuen errekak eta bidea itxi egin behar izan zuten ortzegun goiza arte. Beran, zenbait etxetan argindarrik gabe egon dira gau osoan eta Lizuniagarako bidea itxi behar izan zuten. Gainera, Larungo pistan ere lur eroriak izan dira eta eguerdira arte itxia egon da. Josu Iratzoki alkateak aipatu digunez, Xubixabalko zubiaren gainetik pasatzen zen ura gauan. Halere, ondoriorik ikusgarriena Bidasoa errekak eragin du, Irun Endara zentrale hidroelektrikoa N-121A errepidearekin lotzen zuen burnizko zubia eraman baitu. Ormigoizko zutabea bakar-bakarrik geratzen da, baina zubiaren arrastorik ez.

Ura gainezka Doneztebe eta Sunbillan

Bertze hainbat lekutan gainezka egin zuen bai Bidasoa errekak, bai Urumeak, baita bi erreka haundi hauetara ematen duten bertze erreka batzuk ere. Donezteben urak Intzakardi parkea estali zuen eta inguruko hainbat lokal komertzialetan ere sartu zen. Leitzarako errepidea itxi behar izan zuten. Ortzegunean, garbiketa lanean ari ziren doneztebarrak. Sunbillan, joan den urtean estrainatutako Ramon Latasa plaza estaltzen zuen errekak. Elizondon ere ura indartsu ibili zen.

Baita Lesakako Onin ere

Lesakan ere suhiltzaileek lan egin behar izan zuten Tomasenekobordako errotonda urak hartua baitzuen. Onin errekak gainezka egin zuen herrigunean eta inguruko denda eta lokaletan, zurak paratu zituzten urik ez sartzeko. Halere, karrikak lohituak ageri ziren ortzegun goizean eta lesakarrak garbiketa lanetan ari ziren. Urumeak Fagollaga inguruan egin zuen gainezka eta Hernani eta Goizueta lotzen dituen errepidea itxi egin behar izan zuten. Baina orokorrean, eskualde osoan hainbat kalte eragin dituzte euriek eta gainezka egin duten errekek. Lur eroriak izan dira hainbat bazterretan eta zenbaitetan pistak ere eraman dituzte.

Banaz bertze, metro koadroko 100 litro inguru

Banaz bertze, metro koadroko 100 litro baino gehiago bildu zuten eskualdeko estazio meteorologikoetan otsailaren 11n. Eskualdean barna banatuak dauden estazio meteorologikoen datuak aztertuz gero, banaz bertze metro koadroko 100 litro bildu zituzten otsailaren 11n.
Gehiena Artikutzan bildu zuten, m2ko 134 litro; Lesakako San Antonen 123,1 litro; Etxalarren 113,2 litro; Leitzan 107,7 litro; Arizkunen 104 litro; Amaiurren 103,5 litro; Iruritan 103,3 litro; Beran 101,6 litro; Sunbillan 90 litro; Donezteben 85,8 litro; Gorramendin 79,2 litro; Goizuetan 65,5 litro; Areson 63,5 eta Lesaka herrian 62 litro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun