Maierreko langileak ordu bateko eta biko geldialdiak egiten ari dira

TTIPI TTAPA 2007ko urr. 1a, 13:53
Argazkia: Alicia Del Castillo - Langileek enpresak lantegiaren etorkizuna bermatu dezan nahi dute. TTIPI TTAPA

Irailerarte luzatutako epean ez zuten adostasunik lortu enpresarekin

Bi hilabeteko epeak ez du negoziaziorik utzi autoentzako plastikozko piezak egiten dituen Ultzamako Maier enpresan. Horren harira, langile batzordeak (LABeko 5, ELA 5 eta UGTko 3) deituta zuzendaritzaren jarrera salatzeko lanuzteak egiten ari dira joan den asteaz geroztik.

Zuzendaritzak uztailaren 3an aurkeztutako Bideragarritasun Planaren arabera, bi pintura makinetatik bat Txekiara eraman nahi da. Horrek plantillako 240 langiletik 107 kanporatzea ekarriko luke. Gisa berean, langile batzordeak 40 lanpostu finko arriskuan daudela uste du. Enpresak bortz urterako hitzarmena planteatu zuen, hasieran %1ekoo igoerarekin eta KPI errealarekin bertze hiru urtetan. Gisa berean, 32 lan ordu gehiago sartzea aurreikusten du enpresaren txostenak. Zuzendaritzaren asmo horrek langileen artean ezinegona sortu zuen, eta horren bidetik irailerarte luzatu zuten negoziatzeko epea. Baina epe hori amaitu egin da, eta zuzendaritzak eta langileek ez dute inongo adostasunik lortu. Langile batzordearen arabera, «enpresak modu nabarmenean ugaritu nahi ditu lan baldintza eskasak», eta negoziatzeko epea bukatu delako ari dira geldialdiak egiten.

Langile batzordeak enpresak lantegiaren etorkizuna bermatu dezan eskatzen du. Geldialdietarako deia, berriz, joan den irailaren 17an luzatu zuen batzordeak, eta hurrengo asteetan segida izanen zuela iragarri. Turnoka, egunean ordu bateko eta biko lanuzteak eginen zituztela aurreratu zuten: irailaren 24tik 30era turno bakoitzeko ordu bateko lanuzteak egin ziren: 11:00etatik 12:00etara, 15:00etatik 16:00etara eta 23:00etatik 00:00etara. Urriaren 1etik 7ra turno bakoitzeko bi orduko geldialdiak eginen dituzte: 11:00etatik 13:00etara, 15:00etatik 17:00etara eta 23:00etatik 01:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun