Sindikatu abertzaleek gehiengoari eusten diote eskualdeko lantegietan

ttipi-ttapa 2007ko uzt. 23a, 12:09

Hego Euskal Herrian azken urte honen bueltan egin dira hauteskunde sindikalak lantegiz lantegi. Gure eskualdeari erreparatuz gero, zenbait aldaketa izan badira ere, sindikatu abertzaleek jaun eta jabe izaten jarraitzen dute, ELAk eta LABek, hurrenez hurre

Orain dela lau urte egin bezala, eskualdean azken hauteskunde sindikaletan izandako emaitzak aztertu nahi izan ditugu. Urte honetan inguruko enpresa gehienetan hauteskunde sindikalak izan dira, horietatik gehienek irailetik ekainera bitarterako tartean. Gainerakoak, seguruenik laster eginen dira. Oro har, sindikatu indartsuenei dagokionean, aldaketarik ez, aitzineko hauteskundeetan bezalatsu segituko baitute heldu diren lau urteotan. Aldaketak, hirugarren indarra den UGT sindikatuan nabaritu dira, goiti egin baitu nabarmen. Datuak ematen hasi aitzinetik, azpimarratu nahi dugu lerro hauek idazterakoan eskura genituen datuen arabera egin dugula.

Sindikatu abertzaleak jaun eta jabe

ELA eta LAB sindikatuena da hemengo lantegien ordezkaritza gehiena. Hala zen orain arte, eta halaxe segituko dute. 168 ordezkari sindikal egon dira jokoan, eta guztien artean ELA da ordezkari gehien lortu duen sindikatua. 2003an 81 lortu zituen guztira (%56,6); 2007an, berriz, 90 eskuratu ditu. Ordezkari kopuruan goiti egin arren, portzentaian beheiti egin du zertxobait, hiru puntutan, hain zuzen (%53,6). LAB da bigarrena 44 delegaturekin (%26,16). Orain dela lau urte ordezkarien %28a eskuratu zuen. Doneztebeko Aparan zurgintza industrian, erraterako, hiru ordezkari berri eskuratu ditu LABek. Bien artean, 134 delegatu dituzte, ordezkari guztien ia %80a.

Sindikatu abertzaleen beherakada, dudarik gabe, UGTren mesederako izan da. Hirugarren indarra izaten segituko du UGTk, baina duela lau urteko emaitzekin konparatuz, sei puntutan egin du goiti: 2003an eskualdeko ordezkarien %6,29 erdietsi zuen, eta orain, %13,1. Bederatzi ordezkari izatetik 22ra egin duen saltoa, Baztan-Bidasoako anbulantzietako langileetan lortutakoa da batez ere, lehenago ez zuelako ordezkaririk, eta orain bortz. Bi indar nagusien murriztea, CCOOk ere somatu du portzentaiari dagokionean. Ez, ordea, ordezkari kopuruan. Laugarren indarra den sindikatu honek lau ordezkarirekin segituko baitu.

Gainerako zortzi ordezkaritik gehienak —orain lau urte bederatzi ziren— Baztango Benito Menni erresidentzia pribatukoak eta Lesakako Aceralia Transformadosenak dira, hiruna bakoitzak. Azken honi dagokionez, aipatu, ESK-CUISek ordezkari bat galdu duela.

Erran beharrik ez dago zerrenda honetan ez direla eskualdean dauden lantegi guztiak agertzen. Izan ere, legearen arabera, sei langile edo gehiago dituzten lantegietako langileek dute euren ordezkariak aukeratzeko eskubidea. Ez da beti horrela, ordea, sei langile edo gehiagoko lantegi guztiek ez baitute ordezkari sindikala.
Bertze kasuetan, berriz, langileen ohiko sindikatuekin loturarik ez duten taldeak antolatzen dira, lantegi zehatz batera mugatzen diren ordezkari taldeak, alegia. Hori da, adibidez, Berako Manufacturas Alco eta Vercolen kasua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun