Nafarroan izokin arrantza denboraldia bukatu da

TTIPI TTAPA 2007ko uzt. 13a, 10:05

Nafarroako izokin denboraldia pasa den igandean uztailaren 8an bukatu zen, IƱigo Urruzunok 50. alea arrantzatu ondotik. Arrainak baskulan 2,9 kilo pisatu zituen eta 68 zentimetro neurtu zituen. Goizeko 11:00etan arrantzatu zen azken izokina Las Mazas parajean.

Nafarroako ingurumen, lurraldearen antolamendu eta etxebizitza departamentuak hartutako erabakiaren arabera, 2007ko arrantza denboraldia zuzentzen duen araudia ezartzen da eta izokin arrantzaren garaia apirilaren 1ean hasi eta 50. izokina arrantzatzen denean bukatuko da.

Oroitarazi behar da aurten denboraldia ongi hasi zela, izan ere, lehen izokina irekiera egunean arrantzatu baitzuen Nicasio Altunak goizeko 10:30ean. 6,2 kilo pisatu zituen eta 85 zentimetroko luzera zuen. 50 deritzon putzuan arrantzatu zuen.

Bidasoako izokinen markatze-kanpainak 1989. urtean hasi ziren eta ordutik, 115.000 izokinetik gora markatu dira eta 4.000 baino gehiagoren itzulera kontrolatu da. Horietatik %60 inguru ibaian bertan jaiotakoak ziren.
Bidasoa ibaiaren aberastasun handienetarikoa bere iktiofauna oparoa da; izan ere, Bidasoa eta haren adar Endara erreka dira izokinak uretan gora daramatzaten Hego Euskal Herriko ibai bakarrak. Horren arrazoia Bidasoa bailarako herrien industrializazio txikia da; horri esker, uraren kalitatea nahiko ona da. Dena den, azken urteetan Irun, Hondarribia, Bera eta Lesakako isuri industrial eta organikoak ugaritu egin dira zentral hidroelektrikoek eragindako emari-murrizketen ondorioz, eta uraren tenperaturaren igoerak ere kalteak eragin ditu.
Bidasoa ibaiko izokina gal ez dadin, Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian proiektu bat bultzatu du Nafarroako Gobernuak. Azken urteetan izan den izokin ugaritasunaren eta egindako lanaren artean erlazio zuzena dago, birmoldaketa lan serioa egiten ari baitira.
Iaz, Bidasoa ibaian, Oronoz- Mugairin markatutako 10.000 izokin inguru askatu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun