«Azken 4 urteotan Nafarroa osoan 165 enpresa eta 297 lanpostu sortzen lagundu dugu»

Aitor AROTZENA 2007ko urt. 23a, 10:47
Ezkerretik eskuinera Joxe Jubera, Fermin Lizarraga, Jesus Etxart eta Alberto Agirre, Lesaka, Leitza, Doneztebe eta Berako Euskadiko Kutxako zuzendariak. Utzitako argazkiak

Gaztempresa Fundazioa Euskadiko Kutxaren ekimena da eta bere helburu nagusia enpresa berriak sortuz enplegua laguntzea da. Bi lan ildo nagusi ditu: autoenplegu-plana alde batetik eta proiektu sozialekin elkarlana bestetik. Gai horien inguruan solastu dugu Alberto Agirrerekin, Gaztempresak gure eskualdean duen koordinatzailearekin.

Zer da Gaztempresa? Zeintzuk partehartzen dute ekimen honetan?

Gaztempresa Fundazioa Euskadiko Kutxak sortua da eta bere misio edo xederik nagusiena autoenpleguaren bitartez enplegua sortzen laguntzea da, eta bidebatez, bere enpresa sortzera animatzen diren pertsonei edota enplegu-egonkorrik ez dutenei zuzendua dago batez ere. Bestalde, gizarteratzea helburu duten proiektuak ere laguntzen ditugu. Helburu horren alde ari gara Euskadiko Kutxak Nafarroan dituen bulego guztiak, eta Nafarroako beste erakunde batzuk ere laguntzaile ditugu: CEIN, Gaztelan, ANEL, Iruñeko Udala eta Cederna-Garalur.

Eta zeintzuk dira helburuak?

Helburu kuantitatiboetan sartu gabe, onartuak ditugun balioak dira kooperazioa, partehartzea, erantzunkizun soziala eta berrikuntza.

Nolako laguntza eskaintzen du Gaztempresak?

Sustatzaileari arlo desberdinetan eskaintzen diogu laguntza; bideragarritasun plana egiten, beharrezkoak dituen harremanak egiten eta baita finantza beharretan ere, 60.000 euro bitarteko maileguekin Euribor-ean, komisiorik gabe, eta interesaren gainean %50eko subentzioarekin. Dena den, sustatzaileek hala eskatuta, Gaztempresako produktu berriak atera ditugu. Leasing Gaztempresa da horietako bat eta baldintza bereziak ditu. Gainera proiektuen segimendua ere egiten dugu, batez ere, sustatzaileei ateratzen zaizkien beharrei egokitzeko asmoarekin.

Zeintzuk hartzen ahal dituzte laguntza hauek? Nolako baldintzak bete behar dituzte?

Norbere enpresa sortuz negozio idea bat aurrera atera nahi duten nafar guztiek dute laguntza hauek hartzeko aukera. Halere, bada nahitaezko baldintza bat: bideragarritasun ikerketa lehenago aipatu dudan erakunde laguntzaile horietako batek egina egotea. Hori bai, sortu nahi den enpresaren jarduera nahi dena izaten ahal da, ez da eskatzen enpresa berritzailea izatea, eta abar.

Zenbat enpresa sortu dira Nafarroan Gaztempresa abiatu zenetik?
2000ko ekainetik 2004ko abendura 165 enpresa jarri dira lanean, eta enpresa horietan denen artean 297 lanpostu sortu dira.

Nolako profila du Gaztempresa ekimenean parte hartzen duen pertsonak?
2004ko datuei dagokionez, 42 enpresa sortzen lagundu genuen eta horien bitartez 65 lanpostu sortu ziren. Sustatzaileen batez besteko adina 30 urtekoa da, erdiak emakumeak eta beste erdiak gizonezkoak. 22 sustatzaile langabezian zeuden eta 20 beste enpresa batean ari ziren lanean eta bere enpresa sortzea erabaki zuten. Proiektuen profilari dagokionez, %61 zerbitzuen sektorekoa da (informatika, ostalaritza, kirola,…), %30 merkataritzakoak (elikagaiak, opariak…) eta %9a industria (zurgintza…).

Nola animatuko zenuke pertsona bat autoenpleguarekin saiatzera?
Enpresa sortzeak duen zailtasunen gainetik, alde positibo ugari ditu: arlo berritzaileetan hasteko aukera, zeure erabakiak hartzeko independentzia, zeure proiektuaren alde aritzeak ematen duen satisfazioa. Gure laguntza izanen dute lan horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun