Turismo azpiegiturak egiteko milioi erdi euroko dirulaguntza hartu dute Udalek

Aitor AROTZENA 2006ko abu. 1a, 14:18
Agoitzen urriaren 18an egin zen sinadura ekitaldian eskualdeko alkate eta udal ordezkariak izan ziren. Utzitako argazkiak

mendialdeko eskaintzaren kalitatea hobetu nahi da

Nafarroako mendialdeko azpiegitura turistiko proiektuetarako 1,4 milioi euroko dirulaguntza eman du Nafarroako Gobernuak. Proiektuak 2005-2007 urteen urteen artean gauzatuko dira eta Cederna-Garalur elkarteak kudeatzen duen “Nafarroako Mendialdea Helburuaren Kalitatea” programaren barnean sartuak daude. Nafarroako Gobernuak inbertsioaren %64,27 diruz laguntzen du eta gainerako %35,7a Udalek ordainduko dute.

Urriaren 18an Agoitzen sinatu zuten hitzarmena Juan Ramon Corpas Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariak eta mendialdeko udal ordezkariek. Guzira, 31 herri ukitzen dituzten 24 azpiegitura turistiko eginen dira aurten hasi eta 2007. urtea bitartean.
Eskualdeari dagokionez, ondoko orrialdean ageri diren hamar proiektu gauzatuko dira eta hameka udaletxek hartuko dute dirulaguntza. Eskualdeko proiektuen aurrekontua 805.572,48 eurokoa da eta Iruñetik 517.391,93 euroko dirulaguntza hartuko dute hameka udal horiek.
Diruz lagundu diren proiektuak bide turistikoak egokitzeko, turismorako erabiliko diren azpiegiturak eraikitzeko edo moldatzeko, aisialdirako eremuak sortzeko eta paisai ondarearen edo lekuko kulturaren osagaiak zaharberritzeko eta txukuntzeko izanen dira. Baztanen eta Etxalarren, ondare arkeologikoaren eta naturalaren inguruko ibilbide tematikoak eginen dira; Bertiz eta Elgorriaga arteko bidea moldatuko da; Beran, Bidasoako piraguismo zentroa eraikiko da; Elgorriagan, uraren interpretazio zentroa eta minigolfa eginen dira; Lesakan, Agiñako estazio megalitikoa bultzatuko da, Oitzen laxoa eta artisautzaren zentroa; Urdazubin, Salbatore monastegia irekiko da; Urrotzen, Leurtzako natur eta jolas parkean zerbitzu berriak eskainiko dira eta Zugarramurdiko lezeetan argiztapen apaingarria jarriko da.

1997an abiatu zen egitasmoa

«Nafarroako Mendialdea Helburuaren Kalitatea» proiektua 1997an hartu zuen Espainiako Turismo Zuzendaritza Nagusiak, estatu osoan landa eremuetan kalitateko turismoa garatzeko egindako zortzi programen barrenean. Nafarroako mendialdeko 55 udal bildu ziren proiektu honetara eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuko kide den Cederna-Garalur elkartea kudeaketaz arduratu zen.

TURISMO AZPIEGITURAK INDARTZEKO PROIEKTUAK ESKUALDEAN

BAZTAN
Baztango Monumento Megalitikoen gibeletik

Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikotik abiatuta ibilbide tematikoak proposatuko dira. Elizondoko herrigunea eta Baztan errekaren Ekosistema ibilbide tematikoa egin ondotik, autoa hartu eta ibilbide megalitikoen abiapuntura: trikuharri handiei bisita, Beartzundik Iñarbilera; Urlegi, Eskosko, Maistrugain eta Gorramendiko harrespilak eta Erberean paseoa.
Aurrekontua: 120.000euro
Dirulaguntza: 77.071,94euro

BERA
Ur-Bizi. Bidasoako Piraguismo Zentroa

Iparkarrikan, Xubizabalea inguruan eraiki eta lanean jarriko da Bidasoako piraguismo zentroa. Interes Komunitarioko Lekua izendatua dagoen erreka bazterrean eginen da, kirol honen praktika bultzatzeko, herriak duen leku erakargarrienetako bat arautu eta errekaren inguruan gaur egun ez duen produktu turistikoa garatzeko. Eraikinaz gain, ingurua ere urbanizatuko da haurrendako parkea eta berendu-lekua eginez eta erreka bazterra berreskuratuz.
Aurrekontua: 111.000euro
Dirulaguntza: 71.291,54euro

BERTIZARANA-DONEZTEBE Bertiz-Elgorriaga bidea

Bertizarana, Doneztebe eta Elgorriagan barna doan bidea moldatu eta zolaberrituko da. Bideko leku bereziak (ikaztegiak, labaderoak…) zehaztuko dira. 15 km ditu bideak, baina erraza da Bertizko Parketik herrietara joan nahi duen edonorentzat.
Bertizaranako aurrekontua: 24.102,65euro
Bertizaranari dirulaguntza: 15.480,32euro
Doneztebeko aurrekontua: 74.550,11euro
Donezteberi dirulaguntza: 47.881,01euro

ELGORRIAGA
Aisialdi (minigolf) eta Uraren interpretazio zentroa

Errota batean uraren intrepretazio zentroa (uraren erabilera, bainua, osasuna, kontsumoa…) eta ur minigolfa eginen dira. Gaur egun errota, presa 100 metrora eta biak lotzen dituen kanala daude. Kanalari adar ezberdinak eginez (saltoak, presa ttikiak, zuloak…) ur gaineko minigolfa eginen da.
Aurrekontua: 120.000euro
Dirulaguntza: 77.071,94euro

ETXALAR
Zentinela eta usategietako bide tematikoak

1. Zentinelako Bide Arkeologikoa. Oinez, bizikletaz nahiz zaldiz aisa egiteko ibilbide zirkularra, iratzeleku eta belagietan barna. Erakunde ofizialek oraindik katalogatu gabe dituzten, baina nabarmenak diren aztarnategi arkeologikoak ikusiko dira.
2. Usategietako bidea. Edozeinek egiteko moduko bidea, ongi seinalizatua. Hasiera eta helmuga, Lizaietan edo Usategieta jatetxe ondoko aparkalekuan, bietako edozeinetan izan daiteke. Usategi famatuen instalazioak ikusten ahal dira, paleta-postuak, sareak…
Aurrekontua: 47.309,60euro
Dirulaguntza: 30.385,35euro

LESAKA
Lesaka-Agiñako estazio megalitikoa

Monumento megalitikoen inguruan bide tematikoa eginen da Agiña inguruan. Ondarearen Interpretazio Zentro batekin osatuko zen proiektu handiago baten barnean dago. Errekurtso honen inguruan giroa sortzeko bide ezberdinak eginen lirateke: kirol bidea, mendi bizikleta bidea edo monumento megalitiko-historikoen bidea.
Aurrekontua: 70.000euro
Dirulaguntza: 44.958,63euro

OITZ
Laxoa eta artisautzaren zentroa zentroa

Laxoa eta guanteak eskuz egiteko lanbidearen inguruan Posadan eginen den erakusketa: Informazio panelak eta jokuari buruzko argazkiak, laxoaren osagarriak, herriko eskulangileek egindako produktuen erakusketa… Hilean behin eskulangileak lanean ikusteko modua izanen da, bertako gastronomia dastatzen den bitartean.
Aurrekontua: 15.000euro
Dirulaguntza: 9.633,99euro

URDAZUBI
Salbatore monastegia irekiz

Frontoia bota eta gelditzen den eremua Urdazubiko baliabide turistikoak (monastegia, aterpea, errota eta kanala) nabarmentzeko egokituko da. Monastegiaren argiztapena ere eginen da.
Aurrekontua: 119,589,50euro
Dirulaguntza: 76.808,29euro

URROTZ
Leurtzako natur eta jolas eremua

Dagoeneko eskaintzen diren turismo zerbitzuak hobetuko dira, bideak hobetuz (interpretazio panelak eta ikaztegi baten erreprodukzioa, adibidez) eta elbarriendako eremua egokituz (beheitiko presara pasabidea, zerbitzuen hobetzea, zola moldatzea, eskubanda…).
Aurrekontua: 39.000euro
Dirulaguntza: 25.048,38euro

ZUGARRAMURDI
Lezeen argiztapen apaingarria

Leku nagusiak nabarmentzeko argiztapen apaingarria eta ikusgarria jarriko da lezeetan. Infernuko erreka tonu hotzekin argituko da, kisulabeak tonu beroekin. Lezearen ganga edo boveda ere argituko da. Bigarren mailako leze eta zuloak argituko dira, beraien sakontasuna eta forma sumatzeko.
Aurrekontua: 65.020,62euro
Dirulaguntza: 41.760,54euro

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun