Patxi Altxu Baztan-Bidasoako UGTko idazkari nagusi izendatu dute berriz ere

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 31a, 10:49
UGTko Zuzendaritza Batzorde berria. Ezker-eskuin: Joseba Andoni Muro, Joaquin Bengoetxea, Patxi Altxu, Sonia Andresena eta Laureano Calvo. Utzitako argazkiak

Langileendako formakuntza ikastaroak eskaintzen dituen sindikatu bakarra dela erran dute

Baztan-Bidasoako UGTk bigarren batzarra egin zuen azaroaren 26an Beran. Eskualdeko 20 delegatu eta kargudun bildu ziren, sindikatuak eskualdean dituen 370 afiliatuen izenean. Batzar honetan, zuzendaritza batzorde berria aukeratu zen, delegatuen %93,3aren onespenarekin. Honela, Patxi Altxu iturendarra izendatu dute berriz ere idazkari nagusi kargurako. Joaquin Bengoetxea izanen da Antolaketa idazkaria eta eskualdeko hiru idazkari izendatu ziren: Sonia Andresena, Laureano Calvo eta Joseba Andoni Muro.

Duela urte terdi egin zen Baztan-Bidasoako UGT osatzeko Kongresua. Alde horretatik, Patxi Altxuk gogorarazi zuenez, «Aceraliako langile kopuru haundi bat UGTn sartu ondotik, 3 delegatu eta 94 afiliatu izatetik, 17 delegatu eta 346 afiliatu izatera pasatu ginen. Geroztik, sindikatua gehiago hazi da».

Berako egoitza irekitzearen eta informazio-lana egitearen garrantzia ere goraipatu zuen idazkari nagusiak: «Eskualdean langileendako formakuntza ikastaroak eskaintzen dituen sindikatu bakarra gara. Urtea akitzean 170 lagun pasatu izanen dira ikastaro horietatik».

UGTko kongresuan presazko hiru mozio ere onartu ziren. Lehena, eskola publikoaren defentsan inbertsio gehiago eskatuz; bigarrena, N-121A errepidearen inguruan Nafarroako gobernuaren ardura falta salatuz eta hitz emandako lanak lehenbailehen hastea eskatuz, eta hirugarrena, eskualdean lur industrialaren beharra azpimarratuz, enpresa berriak ezarri ahal izateko. Gisa honetara, Baztan-Bidasoan lanpostu kopurua handitu eta garapen ekonomikoa eta soziala sendotuko litzateke UGT sindikatuaren ustez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun