Bidasoako trenbidean Natur Bidea egiteko proiektua bidean da

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 13:49
Onbordi eta Telleriko tunelak egokitu zituen iaz Lesakako Udalak. ttipi-ttapa

Garai bateko Bidasoako trenbidea Natur Bide bihurtzeko asmoa errealitate izanen da laister. Hamarkada bat baino gehiago darama Bertizko Partzuergo Turistikoa egitasmoa bultzatzen eta kudeatzen, eskualdeko turismo eskaintzaren bizkarrezurra izaten ahal del

Bidasoako trenbidean Natur Bidea egiteko proiektuaren berri eman zuten prentsaurrean maiatzaren 16an Andres Etxenike Bertiz Partzuergoko presidente eta Bertizaranako alkateak, Vicente Arotzena Partzuergoko presidente orde eta Arantzako alkateak eta Belen Mutuberria Partzuergoko gerenteak. Hauekin eta Cederna-Garalur eta aurreproiektua idatzi duen Pentia enpresako ordezkariekin batera, Carlos Erce Turismo zuzendaria izan zen Madrilgo bileran eta gustora ageri ziren izan zuten harrerarekin eta Sustapen Ministerioak proiektuaren %100a ordaintzeko aukerarekin. Andres Etxenikek aipatu zuenez, «partzuergoaren proiektu nagusia izan da betidanik, bertzeak bertze, Bidasoa erreka bezala, eskualdeko bizkarrezurra delako. Gure eskaintza turistiko osoa egituratu eta bateratzen ahal dugu trenbidearen inguruan eta badirudi azkenean aitzinera egiteko modua izanen dugula». Vicente Arotzenarentzat ere, Madrilgo bilera «hagitz positiboa» izan da. «Sentsazio onak ekarri ditugu. Aurreproiektua hobetu behar dugu, batez ere erabiltzaileen segurtasuna zaintzen inbertitzeko eskatu digute, baina lanak osorik ordaintzeko ministerioaren konpromisoa daukagu: bidea egokitzea, hesiak jartzea, seinalizazioa…».

Elizondotik Endarlatsara lehenik, Iruneraino gero?

Bidasoako Trenbideak 1916 eta 1956 urteen artean lotu zituen Irun eta Elizondo. Lehen bidaia 1916ko maiatzaren 28an egin zuen, azkenekoa 1956ko abenduaren 31n. 51 kilometro terdiko ibilbidetik, lehendabiziko fasean 43 egokituko lirateke, Elizondo eta Endarlatsa artean. Dena den, Andres Etxenikeren ustez, «etorkizunean oso-osorik Irun bitartean berreskuratzeko aukera dago, Gipuzkoako Diputazioak eta Irungo Udalak Endarlatsa eta Irun arteko tarteari bidegorri izendapena eman diotelako, beraz oinezko eta bizikletendako berreskuratu nahi dute». Trenbide zaharra natur bide bilakatzeko, motorra duten ibilgailuen zirkulazioa murriztu beharko litzateke eta Sustapen Ministerioak lur guziak publikoak izatea eskatu du. Bide ondoko baserrietako bizilagunek bakarrik izanen lukete bidetik zirkulatzeko aukera, bertze sarbiderik ez dutenean. Bertze aldetik, lurren erditsua partikularren esku dago eta horregatik, udal lurrekin permuta egin edo erabilera publikoa egiteko baimena eskuratu beharko litzateke. Baina baserritarrek nahiz udalek badakite, honek, eskualdeko ekonomiarako eragin ona izanen duela eta momentuz, jarrera ona topatu dute. Partzuergoak ibilbidearen mantenimendu lanak ere egin beharko lituzke. Vicente Arotzenak aipatu zuenez, «lurrak lehenbailehen eskuratu nahi ditugu, proiektua berregin eta Madrilera bidaltzeko, baina ez dugu epe zehatzik jarri». Andres Etxenikeren ustez, «garrantzitsuena proiektua berriz ere esku artean dugula da eta azkenean errealitatea izaten ahal dela».

Ordezko bideak Baztango zenbait lekutan

N-121-A errepidean eginen diren lanek bi tokitan ukituko dute trenbidea, baina lanak akaututakoan orain dagoen bezala utzi beharko dute. Baztanen, trenbide zati batzuk galdu egin dira eta gainean eraiki ere egin da, baina dagoeneko ordezko bideak bilatu dituzte. Bere garaian, Bertizko Partzuergoaren nahia Bide Berdea egitea zen, baina zenbait zatitan porlana edo galipota emana denez, hori ezinezkoa zen eta alde batera utzi zen proiektua. Joan den urtean, Lesakako Udalak Onbordi eta Telleriako tunelak garbitu eta argiak jarri zituen eta hortik aitzinera, etorkizunean trenbidea Natur Bidea izateko aukera aztertzen hasi ziren. Honetarako, zola motarekin ez litzateke arazorik izanen.

EZAGUTZERA EMAN BEHARREKO PROIEKTUA

Berdeen Eguna eta Bidasoako egitasmoaren berri emateko aprobetxatu zuen Bertizko Partzuergoak. Alkaiaga, Lesaka eta Igantziko Benta arteko trenbidean ekitaldi batzuk egin zituzten: beheitiko argazkian ageri den tren txutxua, zaldiak, musika, txirrindulariak, oinezkoak festa giroan. Baina bide berdeen egun hau ez dela ekitaldi bakana azpimarratu zuen Belen Mutuberriak, proiektu oso baten zatia baizik: «Jakina da Partzuergoa duela urte batzuk hasi zela trenbidearen berreskuratze lanean eta iaz, 2005ean Lesakako udalak bere eremuko tunelei argia jarri zienean, trenbidearen proiektua berrindartu zen eta geroztik horretan ari gara lanean. 2005 urte bukaeran eta aurten Madrilgo Ingurumen Ministerioarekin eta Nafarroako Gobernuarekin harremanean izan gara, proiektu hau aurrera eramateko. Hortik gabiltza eta aldi berean, Bide Berdearen baliabide honi promozioa ematen saiatzen ari gara eta Bide Berdeen Eguna ekitaldi horietako bat izanen litzateke. Horrekin batera bertze batzuk ere egiten ari dira: bide berdeen web-gunean sartua dago Bidasoakoa, trenbideari eta eskualdeari buruzko informazio osoarekin. Bertze aldetik, baliabide honen irudia aukeratzeko lehiaketa ere eginen da». Bide Berdeen web-orrian izatearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Andres Etxenike, Partzuergoko presidenteak: «Madrilen izan ginenean, Bide Berdeen saileko Carmen Arcayarekin ere izan ginen eta web-orrian sartzeko aukera hori eman zigun. Joan den urtean 1.700.000 bisita izan zituen orri horrek eta aurten 2 milioitik pasatzea espero dute eta hori publizitate handia da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun