Traste handien lehen bereizketa Donezteben egiten hasi dira

Xan Harriague 2006ko mai. 11a, 14:59
Federico Laurnaga eta Isidro Herguedas, Traperos de Emaus erakundeak Donezteben duen biltegian. Xan Harriague

Hondakin bilketa zerbitzua eskaintzeko lehiaketa irabazi eta hiru mankomunitaterekin lan egiten dute Emauseko Traperoek, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateekin. Isidro Herguedasek aipatu digunez, «Emausek eskaintzen dituen lanak kartoiak biltzea, enbase bilketa, tamaina haundiko trasteen bilketa, pilak, plastiko beltzak, edukiontzien garbiketa dira… gauza pila bat egiten dira». Hamalau langile dituzte eskualdean, orain langile bat gehiago hartu behar izan baitute. «Zerbitzua hemen zentralizatu dugu, –dio Isidrok– Mankomunitatera deitu beharrean Emauseko egoitzara deitu behar da eta neska bat kontratatu dugu abisu guziak biltzeko eta bulegoa eramateko. Hasieran zerbitzu murritza zen eta langile gutti ziren, baina urtebetean bikoiztu egin da langile kopurua. Bi gauza bereizten ditugu langileak hartzerakoan. Kamioiak ditugunez, hori gidatzeko gauza den jendea bilatzen dugu eta gero, zailtasunak dituen jendea hartzen dugu, horiek laguntzeko eta aukera bat emateko».

Ondoko orriko koadroetan ageri denez, urtetik urtera zabor gehiago bildu eta birziklatzen da. Horrek, bilketa zerbitzua handitzea ere ekarri duela jakinarazi digu Herguedasek: «Trasteen bilketa zerbitzua bikoiztu egin behar izan dugu. Hasieran hilabetean behin biltzearekin nahiko izanen zela pentsatu genuen, gero bilketa zerbitzua astean behin ematen hasi ginen eta batzuetan astean bitan ere eman behar izaten dugu. Bertze materialetan ere (paperak, kartoiak.) gora joan da bilketa».

Lehenbiziko banaketa

Federico Laurnagak aipatu digunez, Donezteben tamaina handiko trasteen lehenbiziko banaketa egiten dute eta olioa eta etxez etxeko bilketa ere horrat eramaten dute. «Lehenbiziko bereizketan edukiontzi ezberdinetan sartzen dugu egurra, burnia, etxeko tresnak, arropa zaharra, moble zaharrak, kristala, ongi dauden gauzak eta berriz erabili daitezkeenak eta deus balio ez duena eta zaborrera botatzen dena. Aitzinerago, etxeko tresnen bereizketa askoz hobea eginen dugu: telebistak, ofimatika aparatuak, tresna ttikiak, gauza pila bat».

Orain arte traste hauek txatarrara joaten ziren, baina orain dena zenbatua eta pisatua joanen da. «Normalean botatzeko moduan etortzen dira gauzak, baina oraindik funtzionatzen dutenak birziklatzen saiatzen gara. Ongi daudenak Sarasara bidali eta hango rastroan saltzen da». Izan ere, Emausen helburua elkartasunean eta ingurumenarekin errespetuan bizitzea dela aipatu digu Federicok: «Gure helburu nagusia soziala da, ez da lan bat egitea, elkartasuneko bizimodua eramatea baizik. Gure taldean lanpostuak ateratzen saiatu gara, lana delakoz pertsona gizartean integratzeko modu nagusia. Lan duina izatea inportantea da pobreziaren katea apurtzeko eta norberak bere bizia duina egiteko. Zailtasuna dutenentzat lanpostuak atera nahi izan ditugu, eta lana pertsonaren neurrira egin dugu, ez alderantziz. Elkartasuna bizitzearekin batera, ingurumenari errespetuarekin bizitzea ere agertu nahi dugu eta alde horretatik zentzua du birziklatzearen lanak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun