Gai jartzaileen lanaz ariko da Doneztebeko Maialen Belarra igandeko ‘Hitzetik Hortzera’ telebista saioan

Ttipi-Ttapa

Mirari Martiarena, 'Hitzetik Hortzera' saioko aurkezlea, Idoia Anzorandia eta Maialen Belarra gai jartzaileekin.

Idoia Anzorandia eta Maialen Belarra elkarrizketatuko dituzte igandeko ‘Hitzetik Hortzera’ telebistako saioan, ETB-1en, Txapelketako gai jartzaile taldearen lana hurbiletik ezagutzeko. Tolosako eta Gotaine-Irabarneko bertsoaldiek osatuko dute saioa.

Bertsolariak dira Txapelketako aurpegi ezagunenak, baina oholtzara iristen den bertsoaldi bakoitzaren gibelean gai jartzaileen lana ere badago. Hamalau lagunek osatzen dute 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako gai jartzaile taldea, eta haietako birekin elkartuko da aste honetan Mirari Martiarena Iraola: Idoia Anzorandia Kareaga eta Maialen Belarra Eneterreaga doneztebarrarekin.

Urte hasieran hasi zen lanean EHBT26ko gai jartzaile taldea. Anzorandiak eta Belarrak taldearen antolaketaz eta lan egiteko moduaz hitz eginen dute, baita gaiak sortzeko prozesuaz ere. Bertzeak bertze, gai batek lehen proposamenetik oholtzara iritsi arte egiten duen bidea azalduko dute: nola lantzen duten, zer aldaketa izaten dituen eta zer dagoen azken formulazioaren gibelean.

Maialen Belarra Eneterreaga eta Idoia Anzorandia Kareaga gai jartzaileak.

Gai jartzailetzaren ibilbideari gibelera begiratzeko tartea ere izanen da igandeko programan. Laxaro Azkune Sudupe elkarrizketatuko dute, duela 40 urte aritu baitzen lehen aldiz gai jartzaile Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. 1986ko Txapelketan egin zuen debuta, eta 1989an, 1993an, 1997an eta 2001ean ere aritu zen lan horretan.

 

Tolosako eta Gotaine-Irabarneko bertsoaldiak

Astero bezala, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren jarraipena eginen du Hitzetik Hortzerak. Oraingoan, Tolosako eta Gotaine-Irabarneko saioetako bertsoaldiak eskainiko dituzte. Gotaine-Irabarnen larunbatean jokatuko den saioan aritzekoak dira, bertzeak bertze, eskualdeko bi bertsolari: Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra eta Xabat Illarregi Marzol leitzarra.  Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun