Tomate zaharren lehiaketa egin zuten atzo Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 31

Lehiaketako antolatzaileak, epaileak eta irabazleak sarituekin batera.

Doneztebeko Tomate Zaharren 2. Lehiaketan lau sari banatu zituzten eta horietako hiru Sunbillako Isabel Gagok eta Lesakako Jose Mari Etxepetelekuren artean banatu zituzten. Gagok bigarren saria eraman zuen etxera, eta baita bertako tomate hoberenaren sari berezia ere. Etxepetelekuk hirugarren saria eskuratu zuen bere tomate buruari esker. Lehen saria, aldiz, Aretxabaletako tomate morearentzat izan zen, Juan Pedro Santosek aurkeztutakoa.

 
Donezteben 47 tomate lagin aurkeztu zituzten

Lehen saria Aretxabaletako Juan Pedro Santosek ekarri zuen tomate more batentzat zela erabaki zuen epai mahaiak. Bigarren saria Sunbillako Isabel Gagok eskuratu zuen, Sunbilla arrosa barietateko tomate batekin, eta hirugarren saria Lesakako Jose Mari Etxepetelekurentzat izan zen, Igantzi arrosa barietateko tomate batekin. Bertako tomate onenaren Sari Berezia ere Sunbillako Isabel Gagok eskuratu zuen, Sunbilla arrosa barietateko ale ederrarengatik.

Bertze behin, argi gelditu da Nafarroa iparraldeko inguru hauetan bertako tomate barietateak zaintzeko ahalegin handia egiten dela. Izan ere, horren froga da atzo 47 buru aurkeztu zituztela Doneztebeko Tomate Zaharren 2. Lehiaketara.

Larunbatean Mendigorrian eta atzo igandea Donezteben egindako lehiaketei segida emateko, irailaren 6an Iruñeko Runa parkean, Iruñeko hamaikagarren lehiaketa eginen dute. Bezperan, Geltokiko Ekomerkatuak tomateei eskainiko dio eguna eta postuez gain, 'El mundo del tomate' hitzaldia eta ekologikoak diren tomate dastaketa eskainiko da.

Sariak dirutan eta baratzeei errekonozimendua
Aurten lehen aldiz saridunek eskudirutan ere izan dute ordaina: 200 euro lehen sariak, 100 euro bigarrenak eta 50 euro hirugarrenak. Sarituek, gainera, Reyno Gourmet produktu sorta bat eta diploma bat ere hartu dute. Sari horiez gain, bertako tomate onenaren sari berezia ere eman dute 100 euroko ordainarekin.
 

Donezteben aurkeztutako 47 tomate laginetakk bat mozten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun