Bestak 2026

«Euskal Herritik atera eta kultura berriak ezagutu nahi nituen»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 13a

Malen ETXEKOLONEA DIEZ, Zubietako gaztea.

«Unibertsitateko karrera akitu berri duen eta etorkizunean zer egin sobera ongi ez dakien gaztea». Halaxe aurkeztu du bere burua zubietarrak. Ingeniaritza Biomedikoa ikasi du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Mexikon pasatu du azken ikasturtea, tesia egiten. Monterrey-ko Unibertsitatean izan da, «Mexikoko iparraldean eta mendiz inguratuta dagoen hiri industrial batean».

Azaldu duenez, «Euskal Herritik ateratzeko eta kultura berriak ezagutzeko gogoak» eraman zuen atzerrira, «eta unibertsitateko aukerak ikusita, Mexiko izan zen kuriositate handiena piztu zidan herrialdea». Gogoan du lehenbiziko aldiz Monterreyra ailegatu zenean «asko harritu nindutela hiri inguruko mendiek. Mendien magalean kolore askotariko auzoak ikustea ere deigarria egin zitzaidan».

Ez du irakasgairik egin bertan, tesia baizik, «irakasle baten laguntzarekin». Hala ere, «ikusi ahal izan dut erakusteko metodologia ikasleen parte hartzean oinarritzen dela, eta enpresa sortzaile izatera animatzen dietela».

Ikasketekin aski ez, eta boluntariotza ere egin du; «Baztango lagun batekin batera Panaman egon naiz, Nura izeneko proiektu jasangarri batean laguntzen. Bertan inbasiboa den arrain baten hegalekin bitxiak egiten ibili gara eta neurri ttikian izan den arren, komunitateari laguntzeko aukera izan dugu». Kontatu duenez, «esperientzia arrunt polita izan da, egindako lana asko gustatu zait».

Egonaldia aberasgarria izan da; «Mexikok postuak ditu karriketan, artoarekin egindako hamaika plater eta edari, jende arrunt irekia eta eskuzabala, musika eta dantza nonahi… handia da eta izkina bakoitzean harrapatzen da berezia den zerbait». Hala ere, «Euskal Herriko lasaitasunaren falta sentitu dut batzuetan. Monterreyen gustura egon arren, hain hiri handia denez, kaotikoegia suertatu zait».

Hori dela eta, gustura bueltatu da herrira eta festetan ez du hutsik eginen. Izan ere, «festazalea» dela aitortu du, «eta bereziki dantzan ibiltzea gustatzen zait». Zubietako festetan «bezpera, joaldunekin, arbola goratzearekin eta zortzikoarekin, nahiko berezia izaten da. Aguantatuz gero, biharamuneko diana ere dibertigarria izaten da». Hala ere, gehien gustuko duen momentua «patata tortilla lehiaketa da, dudarik gabe. Giro goxoa eta elkarren arteko lehia nahasten dituen arratsaldea izaten da».

Etxekolonea lagunekin patata tortilla lehiaketan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun