Tomate Zaharren Lehiaketaren bigarren edizioa eginen dute igandean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 26a

Pasa den urteko sarituak diplomarekin. Argazkia: utzitakoa.

Iaz bezala, aurten ere eliz atarian eginen dute eta sari banaketa 13:30ean izanen da; eta lehiakide bakoitzak gehienez ere, tokiko hiru tomate zahar barietate aurkezten ahalko ditu.

Gasterea eta Gazteluleku elkarteek, Reyno Gourmeten eta Doneztebeko Udalaren babesarekin antolatuta, Tomate Zaharren Lehiaketaren lehen edizioa  egin zuten pasa den urtean Donezteben. Arrakastatsua izan zen eta, aurten, bigarren edizioa eginen dute igande honetan, abuztuaren 30ean. 

Baldintzak eta sariak

Iazkoaren segidan, baldintza eta oinarri berak izanen ditu sariketak: lehiakide bakoitzak hiru tomate zahar barietate aurkezten ahalko ditu eta mota bakoitzeko bi tomate ekarri beharko ditu. Tokikoak izan beharko dira, ez da hibridorik onartuko. Hurrenez hurren, barietate zahartzat hartuko dira joan den mendean Nafarroan edo erkidego mugakideetan zeuden eta lantzen zirenak.

Eliz atariko plazan eginen da lehiaketa eta izen ematea egunean berean izanen da, 10:00ak arte. Sari banaketa, aldiz, 13:30ean.

Epaimahaiak zaporea eta testura kontuan hartuko ditu eta, horren arabera, lau sari banatuko ditu. Lehiakide guzien artean hiru hoberenak sarituko dituzte eta, horrez gain, baita doneztebar hoberena ere. Saritzeko, ordain saria eta Reyno Gourmet produktu lotea eskuratuko dituzte: 200 euro onenak, 100 bigarrenak eta 50 hirugarrenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun