Nor dugu Fatima?
49 urteko emakumea, familiakoekin eta lagunekin egotea gustatzen zaiona.
Zer duzu maite?
Hondartza, zinea, mendira joatea tarteka ere bai... Gainera, herrian badugu mendi nahiko.
Gaztelun bizi den gazteluarra?
Sortzez Gaztelukoa naiz eta ondotik etxea ere hemen egin nuen.
Herrian zinegotzi gisa egon zinen, justu pandemia garaian…
Taldean pertsona bat falta zen eta erran zidaten ea sartu nahi nuen, horrela ba, animatu nintzen. Egoera kaxkar xamarra zen, arauak bete beharra ziren, musukoak…nahasia giroa.
Gaztelun zer da gehien maite duzuna?
Herriko lasaitasuna.
Herrian hutsunerik sumatzen duzu?
Gaizki ikusten dudana da herriko lursailen afera. Kontua da, herritarrek baditugula lursailak herritik kanpo, urbano deitzen zaionetik kanpo, eta legeagatik ezin ditugula hor etxeak egin. Eta pena da gazteak kanpora bizitzera joaten hasiko direlako. Hasiak dira dagoeneko herritik kanpo etxebizitzak erosten, azken batean, herrian egin nahi eta ezin.
Herriko bestak hasiko dituzue uztailaren 31n. Bereziak dira egun horiek?
Bai, bereziak dira. Beharbada, urte osoan ez garelako hainbertze elkartzen eta egun horiek direlako denak elkarrekin egoten garen egunak: gazteak, helduak…Giro polita sortzen da.
Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Herriko bazkaria. Denak elkartzen baikara hor eta denen artean hartu-emana izaten baitugu.
Besta egunetan ez ezik, zer nolako martxa izaten duzue herrian?
Bakoitza bere lanetan ibiltzen gara eta gero ortziraletik igandera bitarte herriko ostatua irekia egoten denez, hor elkartzen gara. Ongi dago hori.
Aurtengo bestetarako ze intentzio?
Beti bezala, otordu batzuk eta horrela. Gainera, aurten berrikuntza gisa izanen dugu harri altxatze erakustaldia, beraz, horrat ere bai.
Eta oro har, etorkizun urrunagora begira zer nahiko zenuke?
Nahiko nuke udalak eta gobernuak lursailen kontua aldatzea, etxeak eraiki ahal izateko, eta horrela, gazteria herrian bizitzera gelditzeko. Gazteak behar ditugu.