2019an ezagutu zuen Euskarabentura Unai Irigoyen Sanzek (Doneztebe, 2009), «nire lehengusua joan zelako». Ondoko urteetan ere eskutik eskura aditu zituen espedizioaren inguruko kontuak. Izan ere, «nire lau lehengusuk eta klaseko bi lagunek parte hartu izan dute». Hala, «esperientzia hori nik ere bizi nahi nuelako», eta aldi berean, «lagunak egin eta Euskal Herriko leku aunitz ezagutzeko» helburuarekin, izena ematea erabaki zuen. Baita tokatu ere. Bertzeei aditutakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen du hilabete honetan Euskarabenturan.
Izena ematearekin batera, Zer da euskaltasuna? Ametsak egia bihurtu daitezke? edo Zein garai historikotara itzuliko zinateke? gaien artean hautatu behar izan zuen EuskarAbenturako lana egiteko. Doneztebarrak euskalduntasuna hartu zuen aztergai: «Nire familiari eta herriari buruzko lan bat egin nuen, hauek euskararekin izan duten harremana aipatuz. Hiru orrialde eta erdiko lan literario bat izan zen, baina galderari ez nion arrunt erantzun zehatza eman, nire irudiko, ez baitago erantzun zuzen eta bakar bat bakarrik».
«Espero dut ongi pasatzea eta esperientzia ona izanen dela»
Euskararen gaia hartu zuen EuskarAbenturako lana egiterakoan, eta euskararen erabilera hartu du hizpide TTIPI-TTAPArekin. Hizkuntzarekin «harreman ona» duela kontatu du: «Etxean, eskolan eta lagunekin euskara erabiltzen dut». Hala ere, aitortu du, «gaztelaniaz ere solastatzen» dela, «baina euskaraz baino guttiago». Inguruan ere «euskara aunitz» sumatzen omen du: «karrikan, eskoletan, etxeetan... Baina bada euskaraz solastatzeko ohiturarik ez duen jendea».
Apirilean jakin zuen espediziorako aukeratu zutela: «Aukeratuen zerrenda argitaratzekoa zuten egunean, eskolatik atera eta telefonoan begiratu nuen. Egia erran, ez nengoen seguru aukeratuko ninduten edo ez, baina ikusi nuenean, poz handia sentitu nuen, esperientzia hori bizitzeko gogoa bainuen». Kontent eta ilusioz dago geroztik: «Espero dut ongi pasatzea eta esperientzia ona izanen dela. Badakit zati batzuetan gogorra izaten ahal dela, baina hala ere, disfrutatuko dut». Honela gehitu du: «Lehengusuek eta lagunek ez didate aholkurik eman, baina denek erran didate arrunt kontent eta ongi ibili zirela eta esperientzia ona dela».