[ARGAZKIAK] Errekako gizonezko nahiz emakumeek Nafarroako eskubaloi liga irabazi dute asteburu gogoangarri batean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 4a

50. urteurrena ospatzen ari da aurten Doneztebeko Erreka elkartea eta mende erdi horretan urrezko letrekin idatziko du 2026ko maiatzeko lehen asteburuan lortutako balentria ikaragarria: Gizonezkoen nahiz emakumezkoen eskubaloi talde nagusiek, biek ala biek, Nafarroako ligako txapeldun izatea lortu dute. Gizonezkoentzat bosgarren aldia izan da, bigarrena segidan, baina emakumeek historian lehen aldiz lortu dute eta merezi bezala ospatu dute Donezteben. Gainera, Nafarroako ligan ez zen inoiz gertatua klub bereko gizonezkoen eta emakumeen taldeak txapeldun izatea denboraldi berean. Orain, bi taldeek sektoreko txapelketa jokatu beharko dute maiatzaren 22an, 23an eta 24an.

Errekazaleen bihotza eta begiak bitan banatuak egon dira asteburu honetan. Gizonezkoek, txapeldunen fasean lehenbizikoak izan ondotik, lauko finala Donezteben jokatzeko eskubidea irabazia zuten eta herriko zaleen aitzinean ez zuten hutsik egin. Larunbateko finalerdian, Errekak nagusitasunez irabazi zion BM Bardenas taldeari, 33-26. Bertze finalerdian, Cantolaguak 27-22 irabazi zion BM Ardoi taldeari. Igandeko finalean Errekak 24-22 irabazi zion Zangozako Cantolagua taldeari, Doneztebeko kiroldegiko harmailak lepo bete zuten zaleen gozamenerako.

Errekako emakumeek, berriz, Iruñeko Arrosadian zuten hitzordua. Larunbateko finalerdi estuan 26-25 irabazi zioten Replasa Beti-Onak taldeari. Bertze finalerdian, BM Ardoi taldeak uste baino larriago irabazi zion Grafometal Sporting Viana taldeari, 24-23. Gauzak honela, igande goizean, mutilek Donezteben jokatzen zuten ordu berean, Arrosadian finala jokatu zuten Errekako emakumeek Zizurko BM Ardoiren kontra. Jokatu eta irabazi, 27-25- Zoramena harmailetan, zoramena pistan eta zoramena Doneztebeko kiroldegian ere, pantailaren bidez segitu baitzuten emakumeen partida ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun