ETBko 'Harri Herri' saioa ere irabazi du Estefi Etxebeste harri altxatzaile iturendarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 30a

Ulia taldeak, tartean Estefi Etxebeste iturendarra zela, irabazi du ETBko 'Harri herri' saioko lehiaketa.

Estefi Etxebeste Iturengo harri altxatzailea hainbat txapelketatan aritu da azken aldian. Sasoi batean dago eta, horren erakusgarri, apirilean izan dituen lorpenak. ETBko Harri herri saioan aritu da, Udane Ostolazaren Ulia taldean, Alba Zubiria, Sara Jimenez de Aberasturi eta Eider Garcia Duranarekin batera. Gainera, lehiaketa honetan txapeldun suertatu da, finalean Estitxu Almandoz lesakarrak zuzentzen zuen Mollarri taldea menperatuta (Olaia Esnaola, Ainitze Zumeta, Malen Molandeira eta Maddi Salterain).

Apirilaren 15ean, berriz, Emakumezkoen Harri Handi Chantoné Txapelketa jokatu zen Azkoitiko Gurea pilotalekuan eta han ere garaile suertatu zen Estefi Etxebeste.

Bertzetik, Zarauzko Bi Harri Txapelketan parte hartu zuen apirilaren 25ean eta laugarren izan zen, bi harri baldarrei zazpi minututan 30 altxaldi emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun