Azaroaren 29an jokatuko dute final laurdenetako jardunaldia Agoitzen, Agoitzen abenduaren 5ean eta Donezteben abenduaren 13an jokatuko diren finalerdietan esperoan dira Ion eta Uterga eta finala abenduaren 21ean jokatuko dute Agoitzen
Iruritan larunbatean jokatutako kanporaketa jardunaldiaren ondotik, Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak sailkatu dira txapelketan jokatzeko. Final laurdenetako jardunaldia azaroaren 29an, larunbatean 18:00etan hasita, jokatuko dute Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan. Matxin III.a Otxandorenaren kontra ariko da eta Otano Mitxeoren kontra.
Bigarren finalerdia Donezteben abenduaren 13an eta finala abenduaren 21ean Agoitzen
Finalerdietako lehen partida pilotaleku berean jokatuko dute abenduaren 5ean. Otanoren eta Mitxeoren arteko kanporaketako irabazlearen kontra ariko da Ion. Abenduaren 13an, berriz, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatuko dute bigarren finalerdia. Xanti Uterga doneztebarra, gaur egungo txapelduna, Matxin III.aren eta Otxandorenaren arteko kanporaketaren irabazlearen kontra ariko da.
Labrit pilotalekua obretan dagoenez, final handia abenduaren 21ean jokatuko dute Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan.