Mitxeok eta Otxandorenak Eguberrietako buruz buruko final laurdenetarako txartela lortu dute Iruritan

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 24a

Larunbatean Iruritako Aranabian, ezker-eskuin: Sagaseta, Oses, Otxandorena, Josu Prim epailea, Ezkurra III.a, Mitxeo eta Iturregi. Otxandorenak eta Mitxeok lortu zuten final laurdenetarako txartela.

Iruritako Aranabia pilotalekuan hasi zen Eguberrietako Erremonte Profesionaleko Banakako Txapelketa eta final laurdenetarako txartela lortu zuten David Mitxeok eta Eloy Otxandorenak Bi doneztebarrak faborito ziren bakoitza bere triangeluarrean eta pronostikoak bete zituzten. Mitxeok 20-6 irabazi zion Xuban Iturregi iruritarrari eta 20-13 Koteto Ezkurra III.a doneztebarrari. Otxandorenak, berriz, 20-16 irabazi zion Jon Sagaseta iruritarrari eta 20-4 Osesi. Hurrengo kanporaketan Otanok Mitxeo izanen du aurkari eta Matxin III.ak Otxandorena.

Pronostikoak bete zituzten larunbatean Aranabian eta Otanoren eta Matxin III.aren kontra ariko dira, hurrenez hurren

Lehen triangeluarra abiatzeko, Mitxeok lana gogotik egin behar izan zuen, 2-10 irabazten hasi zen Ezkurra III.a mendean hartzeko. Azkenean, 20-13 irabaztea lortu zuen atzelariak. Bigarren norgehiagokan, berriz ere itxura ona eman zuen 16 urteko Koteto Ezkurrak, baina Iturregik 20-15 irabazi zion. Mitxeok ez zion aukerarik eman Iturregiri eta 20-6 irabazi zion, final laurdenetarako txartela eskuratuz.

Bigarren triangeluarrean, Otxandorenak 20-4 irabazi zion Osesi. Sagasetak ere 20-24 irabazi zion Osesi eta, beraz, hirugarren lehian jokoan zuten final laurdenetarako txartela. Lehia estua izan zuten Otxandorenak eta Sagasetak, baina azkenean, doneztebarraren esperientzia eta kalitatea gailendu zen (20-16).

Lehen partida hauek jokatu ondotik, astearte honetan, 18:00etan aurkeztuko dute ofizialki txapelketa Elgorriagako Bainuetxean eta larunbatean jokatuko dituzte final laurdenetako partidak Otanok Mitxeoren kontra eta Matxin III.ak Otxandorenaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun