Israelek Gaza lurrez hartzeko operazioa hasi eta NBE Nazio Batuek Israel Gazan egiten ari dena genozidio bat dela erran zuen egun berean ailegatu zen Ibaitik Itsasora elkartasun martxa eskualdera. Goizean Eltzaburutik abiatu ziren. Aipatu behar da Nafarroako Mendi Federazioak martxarekin bat egin eta bi autobus antolatu zituela mendizaleek Palestinaren aldeko ibilaldiarekin bat egiteko aukera izan zezaten.
Eguerdi aldera Leurtzara ailegatu ziren eta han Malerrekako boluntarioek auzolanean prestatutako hamaiketakoa jateko aukera izan zuten, baita ederki eskertu ere. Malerrekako boluntarioek gogotik aritu ziren lanean atzoko etapa prestatzen eta agerian gelditu zen. Atzoko eguna baino lehen, Palestinako banderak prestatzen eta paratzen ere aritu ziren –guztira 50 bat paratu dituzte–, baita pegatinak saltzen eta falafelak prestatzen ere. Atzo, berriz, hamaiketako ederra eskaini zieten mendizaleei: txistorrak, gazta, falafelak, sandia, kafea...
Martxako kideak arratsaldean ailegatu ziren Doneztebera, eta Santa Luzia plazan harrera beroa egin zieten. Jende aunitz bildu zen. Horrez gain, arratsaldean They Do Not Exist film laburra pantailaratu zuten zineman, eta ondotik, solasaldia egin zuten, baita luntx herrikoia ere. Hala borobildu zuten 26 kilometroko etapa.
Gaur Doneztebetik Elizondora
Gaur, irailaren 17an, 09:30ean Doneztebeko kiroldegitik abiatuko da martxa, eta Bidasoko bide berdean barna, Bertizaranatik pasatuz, Baztan aldera joanen dira: 10:45 aldera Bertizko Natur Parkera ailegatuko dira. Handik Oronozera joanen dira, eta 11:00etan hamaiketakoa eginen dute plazan. Arraioz eta Oharrizen barna, 13:00 aldera Lekarozko institutura ailegatuko dira, eta handik, Baztan Berritik pasatuz, 13:30 aldera, Elizondoko plazara. 14:00etan Elizondoko plazan martxari harrera eginen diote eta ekitaldia eginen dute. 14:30ean bazkaltzeko bilduko dira Merkatuko plazan eta 17.30ean KaleARTE musikatua izanen da Txokoto zubian.
Goizean, giltza eskutik eskura ibiliko da. Mendaur ikastetxeko ikasleek hartuko dute, eta ondotik, Legasako eskolako lagunek hartuko dute, eta haiek Narbarteko eskolakoei pasatuko diete. Oronoz-Mugairin, baztandarrek hartuko dute lekukoa.
Bihar Doneztebetik Berara
Ortzegunean, irailaren 18an, Doneztebetik Berara izanen da etapa. 08:30ean Merkatuko Plazatik aterako dira, eta bide berdean barna Berara ailegatuko dira. 14:30 aldera eginen diote harrera Beran, San Miguel zubian, eta handik Frantxia Halzuet Plazara joanen dira. 17:00etan dokumentala emanen dute Espidobaita Elkartean eta 19:00etan ekitaldia eginen dute Frantxia Halzuet plazan.
Palestinaren aldeko ekimenarekin bat eginez, Beran bertzelako ekitaldiak egiten ari dira. Alde batetik, joan den ortziralean erakusketa irekitzekoa zuten Labiaga Ikastolako areto nagusian, eta irailaren 27an eta 28an, 17:00etatik 20:00etara, berriz ikusgai izanen da.
Horrez gain, ortziralean, irailaren 19an, The Salt Of This Sea filma pantailaratuko dute eta irailaren 26an Omar filma. Irailaren 27an, berriz, hitzaldia izanen dute. Denak Labiaga Ikastolako areto nagusian izanen dira, 19:00etan.
Helmugari begira
Irailaren 19an Bera eta Irun arteko etapako bidea eginen dute trenbidez, 09:00etan Berako Herriko Etxeko Plazatik abiatuta. Eta azken egunean, Irundik Hendaiara eginen dute. Hendaian hitzaldiak prestatu dituzte, eta Xiberoots taldeak kontzertua emanen du.