Palestina

[ARGAZKIAK] Malerrekan da Palestinaren aldeko elkartasun martxa

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 16a

Joan den asteazkenean Tuteratik abiatu zen Palestinaren aldekoIbaitik itsasora elkartasun martxa Malerreka aldean da. Bihar Doneztebetik Baztan aldera joanen da, eta etzi Doneztebetik Berara.

Gaurko etapa 09:00 aldera atera da Eltzaburutik. Eguerdian Leurtzako urtegietara ailegatu dira eta han hamaiketakoa egin dute. 16:00 aldera Doneztebera ailegatuko dira, eta martxari harrera eta elkartasun keinua eginen dituzte Santa Luzia plazan. 16:30ean They Do Not Exist film laburra pantailaratuko dute eta, ondotik, solasaldia izanen da. 18:00etan luntx herrikoia eginen dute

Bihar Doneztebe-Elizondo etapa

Bihar, irailaren 17an, 09:30ean Doneztebeko kiroldegitik abiatuko da martxa, eta Bidasoko bide berdean barna, Bertizaranatik pasatuz, Baztan aldera joanen dira: 10:45 aldera Bertizko Natur Parkera ailegatuko dira. Handik Oronozera joanen dira, eta 11:00etan hamaiketakoa eginen dute plazan. Arraioz eta Oharrizen barna, 13:00 aldera Lekarozko institutura ailegatuko dira, eta handik, Baztan Berritik pasatuz, 13:30 aldera, Elizondoko plazara. 14:00etan Elizondoko plazan martxari harrera eginen diote eta ekitaldia eginen dute. 14:30ean bazkaltzeko bilduko dira Merkatuko plazan eta 17.30ean KaleARTE musikatua izanen da Txokoto zubian.

Ortzegunean Doneztebe-Bera etapa

Ortzegunean, irailaren 18an, Doneztebetik Berara izanen da etapa. 08:30ean Merkatuko Plazatik aterako dira, eta bide berdean barna Berara ailegatuko dira. 14:30 aldera eginen diote harrera Beran, San Miguel zubian, eta handik Frantxia Halzuet Plazara joanen dira. 17:00etan dokumentala emanen dute Espidobaita Elkartean eta 19:00etan ekitaldia eginen dute Frantxia Halzuet plazan.

Palestinaren aldeko ekimenarekin bat eginez, Beran bertzelako ekitaldiak egiten ari dira. Alde batetik,  joan den ortziralean erakusketa irekitzekoa zuten Labiaga Ikastolako areto nagusian, eta irailaren 27an eta 28an, 17:00etatik 20:00etara, berriz ikusgai izanen da.

Horrez gain, ortziralean, irailaren 19an, The Salt Of This Sea filma pantailaratuko dute eta irailaren 26an Omar filma. Irailaren 27an, berriz, hitzaldia izanen dute. Denak Labiaga Ikastolako areto nagusian izanen dira, 19:00etan.

Helmugari begira

Irailaren 19an Bera eta Irun arteko etapako bidea eginen dute trenbidez, 09:00etan Berako Herriko Etxeko Plazatik abiatuta. Eta azken egunean, Irundik Hendaiara eginen dute. Hendaian hitzaldiak prestatu dituzte, eta Xiberoots taldeak kontzertua emanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun